Intelektualen eginkizuna historian eta bereziki euskalgintzan aztertu du Ane Larrinaga irakasleak
Zer eginkizun mota bete dezakete intelektualek Postmodernitateko gizartean? Eta euskalgintzan? Honakoei eta beste hainbat galderari erantzuten saiatu da Ane Larrinaga, Utrisque Vasconiaeren eskutik.
Martin ANSO | DONOSTIA
«Kulturgileak eta kulturaren esparrua» da Ane Larrinaga EHUko irakasleak, bere doktore tesian oinarrituta, plazaratu berri duen lana. Bi liburukitan argitaratu du Utrisque Vasconiaek. Lehenengoan («Tradizio intelektualak beranduko Moderni- tatean»), kulturgile edo, nahi bada, intelektualei buruzko lan soziologiko bat egin du Larrinagak; bigarrenean, berriz («Euskal kulturgileak euskalgintza mugimenduaren eraikuntzan»), kulturgileek historian euskalgintzan zein rol jokatu duten eta aurrera begira zein joka dezaketen aztertu du. «Lehenengo liburukian, Larrinagak marko teoriko bat landu du, eta bigarrenean, berriz, marko hori modu egoki batez aplikatu dio euskal kasuari», laburbildu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian aitapontekoarenak egin zituen Paulo Iztuetak.
Egileak berak zera adierazi zuen: «Gaur egun autore askok intelektualaren krisiaz hitz egiten dute Modernitatearen krisiaz hitz egiten duten modu berean; orduan, zer eginkizun mota bete dezakete intelektualek Postmodernitateko gizartean? Zein agertokitan berreraiki ditzakete beraien rolak eta nortasunak testuinguru berri hauetan? Halako galderei erantzun nahian abiatu nuen lana».
Kulturgile edo intelektuala kategoria sozial gisa aztertzen saiatu da Larrinaga, eta ez, «askotan aztertu izan den bezala, dohain natural bereziak dauzkan gizaki gisa». Hau da, «intelektualak jakintsuekin parekatu dira askotan, baina intelektuala sozialki aitortutako gaitasunak eskuratu eta metatzen dituen kategoria soziala da».
Kulturgilea testuinguru sozial eta historiko jakin batean txertatzen da «beti», eta testuinguru hori aldakorra denez, kulturgilearen definizioa ere aldatu egiten da. Beraz, tradizio intelektual asko egon dira historian, eta tradizio bakoitzak modu askotara definitu du zein den intelektualaren eredu egokia. Banan-banan aztertu ditu Ane Larrinagak.
Bestalde, intelektualek aro bakoitzean «agertoki» batzuk behar izan dituzte beren eginkizunak betetzeko. Gaur egun, agertoki horietako bat, mugimendu sozialak izan daitezkeela uste du Larrinagak. Ildo horretatik, bigarren liburukian, euskalgintza ere mugimendu sozial gisa aztertu du.
Arreta berezia jarri du euskal kulturgileek hizkuntzari buruz sortu dituzten irudikapenetan eta irudikapen horiek hizkuntza komunitatean zabaltzeko egin dituzten ahaleginetan. «Zeren badakigu historian hizkuntzaren corpusa eta estatusa aldatzeko hainbat interbentzio proiektu landu dituztela, garaian garaiko baldintzak kontuan hartuta», ohartarazi zuen Larrinagak.
Kapital metaketa historikoa
Egilearen iritziz, «euskalgintza kapital kultural eta sinboliko baten metaketa historikoaren emaitza da», edo beste modu batera esanda, «euskal kulturgileek denboran zehar euskarari buruz sortu eta garatutako ideia, irudikapen, proiektu eta ezagutza multzoa».
Prozesu horretan hiru une historiko nabarmendu ditu: XIX. mendeko Euskal Pizkundea, 1960-70eko hamarkada eta 1980ko hamarkadako instituzionalizazio autonomikoa. Azken fase horretan arreta berezia jarri du. «Insituzionalizazioak -esan zuen Larrinagak- mugimenduaren desmobilizazioa ekarri du, baita mugimenduaren barne zatiketa ere, baina, horrekin batera, profesionalizazioa eta kulturaren goitik beherako dibertsifikazio prozesuak ahalbidetu ditu».
Euskalgintzaren barnean dauden gatazkak eta estrategia desberdinak aztertu ditu EHUko irakasleak, eta horrek euskalgintzan egin den lan intelektualari buruzko berrikusketa egiteko aukera eman dio, baita intelektualek gaur egungo mugimenduetan bete dezaketen eginkizunari buruzko gogoeta egiteko aukera ere.
Paulo Iztuetak nabarmendu zuenez, gai hau, «oso egunekoa den arren», orain arte ez da gehiegi landu. Bere ustez, Larrinagak «azterketa sakona» egin du eta, gainera, «prosa zehatz eta argiarekin».