GARA > Idatzia > Kultura

Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bilera bertan behera geratu da

GARA | LEKEITIO

Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bilera bertan behera utzi behar izan dute. Izan ere, euskara hutsez egiten zen zinemaldi honek ez du aurrerantzean instuzioen diru laguntzarik jasoko. Gogor salatu zuten atzo antolatzaileek ekimena bertan behera laga beharra: «Makroproiektu txoro eta erraldoiak babesten dituzte, eta Lekeitikoa bezain aberasgarriak diren jaialdiak laguntzarik gabe uzten dituzte. Horrek, azkenean, jendea erretzea dakar», salatu zuten, bidalitako prentsa oharrean.

Zinemaldiak, dagoeneko, hiru hamarkadako ibilbidea egina bazuen ere, Lekeitiora Lakuako Gobernuko ordezkaririk inoiz ez dela gerturatu gaitzetsi zuten, eta Bizkaiako Foru Aldundiari dagokionez, honakoa aipatu dute: «behin bakarrik hurbildu zen diputatu bat. Guk gonbidapenak etengabe helarazi dizkiegu, baina alferrik».

Bestalde, eta instituzioen gaia erabat baztertu gabe, euskal ikus-entzunezko arloan orain arte egin izan diren proiektuetarako beren iritzia inoiz kontuan hartu ez izana ere gogor salatu zuten.

Diru laguntzen inguruan, urte hauetan jaso izan dituzten ekarpenak «txikiak baino txikiagoak» izan zirela salatu zuten Lekeitioko zinemaldiaren arduradunek. «Iazko aurrekontuetan izan genuen desoreka, diru laguntzak berandu jaso genituela-eta, sekula baino handiagoa izan da», azaldu zuten.

Egindako lanarekin, pozik

Hala ere, urte hauetan egindako lanaren balorazio positiboa egin zuten Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bileraren antolatzaileek. «Gaur egun euskaraz egindako lanen kopurua, behar bestekoa ez bada ere, garai batekoa baino askoz hobea da. Alde honetatik, nahiz eta gutxi izan, gure lana baliogarria izan delakoan gaude, eta, ondorioz, pozik», esan zuten.

Kalitatearen aldetik, azken urteetan Euskal Herrian ikus-entzunezko lanek izan duten gorakada nabarmendu zuten, eta nazioarteko deialdietan horrek izan duen isla nabarmendu zuten. Horren adibide, besteak beste, Aitzol Aramaio edota Gentzane Agirre Lea-Artibaiko egileen kasuak aipatu zituzten, baita Begoña Vicario Goya baten irabazlearena ere.

Azkenik, egile eta ikusle guztiei ekimen honetan parte hartu izana eskertu nahi izan zieten. «Gure ekarpentxoa eginda, guk bidean utzitako lekukoa, baten batek hartuko duela pentsatuz bagoaz», nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo