GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskara merkataritzara» ekimenaren balorazio ona egin dute Astigarragan

Astigarragako Udalak eta AEK-k gauzatutako «Euskara merkataritzara» ekimena hagitz ongi baloratu dute. Atzo 29 merkatariei oroigarriak banatu zizkieten, «euskararen erabilera modu iraunkorrean txertatu» izana eskertzeko, eta enpresariengana zuzenduko dira orain.

p026_f02_148x108.jpg

Maider IANTZI |

Merkataritzak herritarren eguneroko bizitzan duen garrantziaz jabetuta, Astigarragako Udalak dendariei eta enpresari txikiei zuzendutako euskararen aldeko ekimen bat abian jartzea erabaki zuen. Horretarako, 2004an euskararen presentzia eta erabilera ezagutzeko neurketa bat egin zuten herriko saltoki eta enpresetan.

Diagnostikoa egin ondotik, egitasmo bat diseinatu zuten. «Berrindartu zure enpresa e bitaminarekin» leloa aukeratu zuten, ziur daudelako euskara erabiltzeak negozioari balio eran- tsia ematen diola.

Egoera erreal batetik abiatu, eta denda eta enpresa txikien eguneroko jardunean euskarari toki bat egitea zuten helburu, dendariei eta enpresariei euskara erabiltzeko laguntza eta erraztasunak ematea. Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatu Zorione Etxezarragak jakinarazi zuenez, joan den urtean esku hartze fasea abiarazi zuten; banan-banan bisita egin, eta informazioa, aholkua eta laguntza eskaini zieten dendariei eta enpresariei. Lan hori guztia egiteko AEKrekin hitzarmena sinatu zuten.

Luis Intxauspe ibili zen Udalaren izenean dendaz denda, eta hamalau establezimendutan euskaraz egiten zutela ikusi zuen. Ekimenaren ondorioz, bertze hamabostek ere egin dute euskararen alde, eta, bertzeren artean, konpromisoak hartu dituzte ageriko elementuak euskaraz jartzeko: idazpuruak, menuak, oharrak, eskaintzak... Herriko merkataritza guneen %45 inguruk negozioan euskararen presentzia txertatu dute. Nagusiki, janari dendak, ostatuak, jatetxeak eta edertasun zentroak izan dira.

Ekimenaren sustatzaileak kontent dira merkatarien erantzunarekin eta orain eskaintza enpresa txikiei zabalduko diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo