Antolatzaileen lanak erabakiko du derbia
Joxean ALDALUR, Askatuak-eko entrenatzaile ohia
Derbia beste bi aldiz jokatu da aurten, eta ez dakit Superkopakoa ez ote den goizegi iritsi. Beraz, nahiz eta Kopa beste edozerekin alderatuta ezberdina den, ligan Gasteizen jokatu zutenarekin egokiago aldera daitekeelakoan nago. Final-laurdenetan Tau nahiko ongi ikusi nuen. Taktikoki, partida nahiko zaila izan zuen, baina Bilbao Basketek ere lan gogorra egin behar izan zuen. Beraz, indarrak nahiko justu izango dira. Etxean jokatzen duelako, agian, Tauk abantaila izan dezake, beraz, Iurbentia Bilbao Basketek lan handiagoa egin beharko du irabazteko. Dena den, Tauri ez zaio batere komeni bilbotarren jokoa.
Partida taktikoa izango delakoan nago, eta, taktika horretan, aberatsago ikusten dut Bilboko taldea gasteiztarra baino. Tauk buruz-buruko defentsak egiten ditu, eta aldaketa gutxirekin; agian presioa jaurtiketa libreen ondoren. Vidorretak, aldiz, defentsa bereziak egiten ditu: zonak, mistoak... Defentsa zaila jarriko du Rakocevicen gainean. Hauek, berriz, arazo gogorra izango dute Recker gabe.
Barruko jokoari dagokionez, Tau indartsuago ikusten dut. Splitter eta Teletovicek beren maila ematen badute, ongi moldatuko dira, eta McDonald azkenengo bizpahiru astean nahiko ongi ari da. Bestetik, Weis dago. Ez du puntu askorik sartzen, baina gauza asko ematen ditu. Ikusi egin behar zenbat nekatu zen Bartzelonaren aurka.
Hala ere, gakoa antolatzaileen artean egongo da. Zaila izango dute Prigioni eta Planinicek Huertas eta Salgadoren erritmoa gelditzen. Erritmo biziarekin, Planinicek bederen, zailtasun handiak izaten dituzte. Borroka polita izango da.