GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ezker abertzalearen aurkako erasoaldia

Madril eta Iruñeko gobernuak, eta PSOE eta PP soilik agertu dira alde

p010_f02_250x160.jpg

GARA | BILBO

Baltasar Garzon epailearen erabakia ezagutu ondoren, «errespetua» agertu du espainiar Gobernuak, ohi den bezala. Baina haratago joan zen Maria Teresa Fernandez de la Vega lehendakariordea; oraingo honetan, Madrilgo Gobernuak «bat egiten du» Garzonek hartutako erabakiarekin, esan zuenez.

«Oso argi agertzen da Garzonen ebazpenetan; ez EAE-ANVk ezta EHAK-k ezin izango dute diru laguntza publikorik jaso», gaineratu zuen Fernandez de la Vegak. Atzo egindako balora- zioan, gainera, Gasteizko Parlamentuaren barruan izan ezik, ekimen politikoa guztiz debekatu zaiola Ezker Abertzalea izeneko taldeari «eta ezin izango dute baliabide edota egoitza publikorik erabili» gaineratu zuen espainiar bozeramaileak.

Hautagai zerrendak inpugnatzea «ez da beharrezkoa izango» Fernandez de la Vegak nabarmendu zuenez, hain zuzen ere, sinatutako ebazpenen arabera, ezin izango baitute hautagai zerrendarik aurkeztu eta horren ondorioz, «hilaren 11n EAE-ANVko eta EHAK-ko zerrendak ez dira aldarrikatuko».

Antzeko irakurketa egin du Nafarroako Gobernuak. Bozeramailea den Alberto Catalanek Garzonen erabakiari «errespetua» agertu zion eta horrekin batera, «erasotu nahi dutenen aurrean defendatu egin behar du sistema demokratikoak» gaineratu zuen.

Catalanek esan zuenez hauteskunde kutsua du atzo iragarritako erabaki judizialak, eta hala ere, «ongietorria» eman zion PSOEren «zuzenketari». «Arazoa da lau urte galdu ditugula eta orain egoera kaxkarragoa dugula. Duela lau urte Batasuna legez kanpo zegoen eta ETA guztiz ahul, baina denbora pasa ahala, arnasa eman zaio».

Kontrako balorazioa egin zuen Gasteizko Gobernuak. Miren Azkaratek Parlamentuko korridoreetan esan zuenez, Entzutegi Nazionaleko epailearen erabakia «atzerako pausoa» da, EAE-ANVren eta EHAKren jarduera bertan behera uzteak «irteerarik gabeko tunel ilunera baino ez du eramaten» Gasteizko Exekutiboaren aburuz.

Are gehiago, Gasteizko Gobernuak adierazi duenez, «Gobernuaren eta hainbat ministroen adierazpenekin bul- tzatutako eta iragarritako sententzia» dugu atzo ezagutarazi zena. Lakuaren arabera, «sektore jakin baten konfrontaziorako gogoa baino ez du pizten» epaile espainiarrak hartutako erabakiak. Horren aurrean, gizarteari ekimen politikoa eskaintzearen beharra eta «hitza eta erabakia» ematearen beharra defendatu zuen Miren Azkaratek.

PSOErentzat, «egun alaia»

Madrilgo Kongresuan PSOEko bozeramaile den Diego Lopez Garridoren hitzetan, «biolentzia alde batera uzteko instituzio demokratikoen» beste urrats bat da eta «biolentzia defendatu, lagundu edota justifikatzen dutenei arlo politikotik kanpo uzteko» erabakia dela adierazi zuen. Era berean, eta PPren zain zegoelarik, «demokratentzat egun alaia da gaurkoa» gaineratu zuen ildo beretik.

Angel Acebes, PPko idazkari nagusiak, «hauteskundeak heltzear direlarik izandako jokaldia» izan dela aitortu zuen. EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko prozedura «erabaki ona da» PPren ustez, baina «beranduegi» gauzatu omen da.

IUko koordinatzaileak «errespetu osoz» hartu du Garzonek luzatutako erabakia. Gaspar Llamazaresek, hala ere, Alderdien Legearen kontra agertu zuen bere burua beste behin, «bakerantz eramaten ez gaituelako eta biolentziari ez diolako bukaera ematen». Gaineratu zuenez, «terrorismoaren aurka» bitarteko guztiekin borroka egitearen alde dago IU, baina gaineratu nahi izan zuenez, «beti ere elkarrizketari ateak zabalik utzi behar zaizkio».

IUN ere Garzon epaileak hartutako erabakiaren aurka agertu da. Bestalde, NaBai-ren aburuz, EAE-ANV eta EHAK alderdien ekimen politikoa debekatzea «sistema demokratikoaren kalterako izango da, eta ez bakarrik alderdi bi horientzat».

EAko idazkari nagusi den Unai Ziarreta, herrialde honetan gertatzen ari den «eskubide eta askatasunen murrizketaren aurrean» txundituta agertu da. Baltasar Garzonek atzo goizean sinatutako autoa «espero genuen lehendik, eta oso larria da, baina argi dugu PSOEko bulegoetan prestatu dela eta Garzonek paperean baino ez duela jarri».

Aralar alderdiak ere guztiz «demokraziaren kontrakoa» dela uste du atzo Madrilen hartutako erabakia, hain zuzen ere, beren hitzetan, «demokrazian guztiz planteaezina baita alderdi batzuen ilegalizazioa».

Nafarroa Bai-k, bere aldetik, «desadostasuna» agertu du Garzonek hartutako erabakiarekin eta «murriztailea eta antidemokratikoa» den Alderdien Legean oinarritzen dela nabarmendu zuen. Zuzenki kaltetu dituen alderdiez gain, «sistema demokratiko guztiari» eragiten diola uste du koalizioak. «EAE-ANVren eta EHAKren jarduera politikoa bertan behera uzteak eztabaidaren normaltasunean eta borroka politikoan eragiten du eta gizarte baketzeari ez dio laguntzen», ohartarazi zuen.

«Estaldura judiziala»

Sindikatuen aldetik, ELAko Nazio Batzordearen iritziz, «EHAK eta EAEren jardunak eteteko Garzon epaileak hartutako erabakiak estaldura judiziala eman dio Gobernu sozialistak aldez aurretik agindutako erabakiari, hau da, `askatasunen alde eta terrorismoaren aurka' delako Estatu-ituna betetzen harturiko erabakiari».

ELAk jendaurrean salatu nahi du «legez kanpo utzitako erakundeen eta haien kideen babes gabezia, eta baita prozesu horien arbitrariotasuna ere. Nahierara jokatze horrek sustatzen duen kultura politikoan, giza eskubideak ez omen dira kontrako alderdian daudenentzat». Erabakiek «argiro erakutsi digute espainiar Estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide poli- tikoetatik ez, behintzat; eta beraz, gero eta argiago dugu Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik» eta hori beste arrazoi bat izan beharko litzateke, ELAren iritziz, aldaketa politikoaren alde dauden euskal indarrek borroka moduak eta jokabide politikoak berraztertzeko, eta eskubide urraketak zuritzeko balio dutenak alde batera uzteko.

ESK eta STEE-EILAS sindikatuek aldiz, «EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko jasan den epaiketa politikoa salatzeko erantzun irmo eta bateratua» beharrezkoa dela aitortu dute.

gehiengoa

Gasteizko hirukoa, eta Euskal Herriko alderdi gehienak eta gehiengo sindikala Garzon epaileak EAE-ANV eta EHAK alderdien aurka hartutako erabakiaren aurka agertu dira eta ondorio onik ez duela ekarriko esan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo