GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PERTSONA IZENAK

Zergaitik ezin diot alabari amets deitu?

Betidanik Amets izena gustatu bazait, zergatik ezingo diot alabari jarri? Neska bat baino gehiago ezagutzen dut izen hori duena! Eta mutiko bat izan eta Itoitz deitu nahi izanez gero, ez didate utziko erregistroa egiten? Zein arrazoi daude sexua bereizteko? Beharrezkoa da arautzea? Mikel Gorrotxategi eta Andres Iñigo euskaltzainei galdetu diegu.

p016_f01_359x189.jpg

Maider IANTZI

Duela 60 urte aitabitxiak edo amabitxiak jartzen zion izena haurrari, edo bertzela, apaizak zuzenean. Andres Iñigok kontatu du baduela koinatu bat Fermin Blas izena duena. Aitabitxik eskatuta jarri zioten Fermin, eta Blas, apaiz egoskor batengatik. «San Juan de Dios klinikan izan nuen umea, San Blas Egunean, eta apaizak erran zidan nola ez nion jarri behar egun horretako santuaren izena. Ez genuen balorerik izan kontra egiteko, badakizu, denbora horietan...», ekarri ohi du gogora amak.

Herri txikietan apaizak agintzen zuela baieztatu du Mikel Gorrotxategik. Onomastika Batzordeko idazkariak erran duenez, lehen jendeak zazpi seme-alaba izaten zituen eta izenek ez zuten halako garrantzirik. Gutxi zeuden eta asko errepikatzen ziren. Gaur egun, ordea, sarritan bikoteak seme edo alaba bakarra izaten du, edo bertzela bi, eta inork ez duen izena nahi izaten du haientzat. Hor euskal izenak irabazle dira. «Jende askok baloratzen du bere alaba bakarra izatea; alaba esaten dut eta ez semea, maiztasunak begiratzen baditugu neskek askoz ere izen gehiago dauzkatelako. Bai, antza denez, ez du inporta klasean denak Mikel izatea. Gehien erabiltzen diren izenen zerrendan mutilak lehenengo postuetan daude», jakinarazi du.

Garai batean ez bezala, euskaldunek santu izenak arrunt gutxi jartzen dituzte, Andres Iñigo Onomastikako buruak aipatu duenez. Ez baldin badira leku zehatzei erreferentzia egiten dieten Andre Mariaren izenak: Itziar, Aitziber, Olatz, Eneritz... Mikel Gorrotxategik gaineratu du izen laikoak erabiltzeko joera XX. mende hasieran zabaldu zela Europan, anarkisten eraginez. «Baina joera hori, adibidez, Estatu espainiarrean, zeharo desagertu zen armen bidez. Orain berriro ari da izendegia berritzen, kristautasunetik urrun, gizarte laiko batean bizi garelako». Haitz, Haize, Euri, Izar... Izen arrunt guztiak pertsona izenak izaten ahal dira, iraingarriak ez badira behinik behin.

Zergatik arautu?

«Batzuetan ez da ulertzen zergatik arautzen diren gauzak, baina ez bada estandarizazio bat egiten zaila izaten da normalizazioa bideratzea. Hori egin ez duen hizkuntzak normalean ez du gerorik izaten. Hizkuntza garatu guztiek egin dute eta euskara ere prozesu horretan sartu zen. Hiztegian, gramatikan, ortografian arautu behar zen nola idatzi jakiteko. Onomastikan berdin, gauzak diren bezala azaltzeko, izenak zuzen jartzeko eta gure hizkuntzaren duintasuna mantentzeko. Nolanahikeriak baztertu behar dira gauza guztietan, baita izenetan ere. Batzuetan jendeak ez du ulertzen: `Guk horrela erraten dugu, eta zergatik ez dugu erraten dugun bezala jarri behar?'. Batzuek uste dute hizkuntza artifizialdu egiten dugula, baina ez da hori inola ere. Hizkuntzari dagokion estatusa eman behar zaio, hori da zuzentasuna, ongi jokatzea hizkuntzarekin eta duin egitea, ez txokokeriatan ibiltzea». Arrazoi horiek eman dizkigu Andres Iñigo euskaltzain iturendarrak, euskarazko hitzek generorik ez badute pertsona izenetan sexua zergatik bereizi behar den galdetuta.

«Euskarazko hitzetan genero markarik ez dagoela gauza ezaguna da -berresi du Mikel Gorrotxategik-. Baina, lehenengo eta behin, euskara ez da horrelakorik ez duen hizkuntza bakarra; hizkuntza gehiago daude munduan, hara hor finlandiera edo japoniera. Horietan ere, hitz arruntetan sexu markarik egon ez arren, pertsonetan bereizketa egiten da, euskaraz bezala. Euskaraz familiarteko hitzetan oso ondo bereizten da sexua, gaztelaniaz baino askoz ere zehatzago. Euskaldunontzat, behintzat batzuontzat, ez da gauza bera anaia edo neba, arreba edo ahizpa. Hain zuzen ere, hitz arruntetan sexu markarik ez daukagulako, behar den kasuetan oso ondo markatzen dugu. Ez bakarrik familiartean, behorrak eta zaldiak ez dira gauza bera, edo aharia eta ardia. Hau da, hitz arruntetan ez da bereizten, baina hitz berezi batzuetan bai, eta familiartekoetan beti: aitite, amama, izeko, osaba, aita, ama...».

Izendegia osatzean kontuan izan duten bertze puntu bat tradizioa izan da, hau da, euskaldunek nola erabili dituzten ponte izenak orain arte. Hori Koldo Mitxelenak aztertu zuen, eta gero, 1997an, Andres Iñigo eta Patxi Salaberri euskaltzain nafarrek. Kontua da euskaldunok XVI. mendetik aurrera, Bernard Etxeparek liburua argitaratu zuenetik, debekaturik izan dugula euskal izenak erabiltzea Administrazioan. Onomastikako idazkariaren erranean, euskaldunok geure tradizioa galtzea ekarri du horrek, eta horregatik asmatu zuen Sabino Aranak XIX. mendearen amaieran tradizio berri bat, galduta geneukalako.

«XVI. mende aurreko dokumentazioan gauza kuriosoak ateratzen dira -jarraitu du Batzorde buruak-. Oroitzen naiz Patxi Salaberri eta biok gauza kurioso bat nabaritu genuela Nafarroako dokumentazioan anitzetan ageri dena. Izen femeninoak egiteko, Maria jartzen zitzaien aurretik izen maskulinoei. Maria Matias, Maria Andres, Maria Anton, Maria Bautista, Maria Joan... Horrelakoak herri guztietan ageri dira».

«Ez bakarrik pertsona izenekin -ohartarazi du idazkari bizkaitarrak-, baita herri izenekin ere. Maria Sunbil, Maria Etxalar, Maria Bertiz, Maria Arano, Maria Mendaro... Maria Etxalar deitura bihurtu zen gero, Maria Ezkurra bezala. Beste aukera bat zen Andre aurrean jartzea, edo atzean -a ipintzea. Azken hori zen gauzarik arruntena eta latinetik hartu genuen euskaldunok». Amaierako -a horrek zer markatzen du? Iñigok ikusi du joera dela emakume izenak markatzeko -a hori erabiltzea. Ez beti, salbuespenak badira, baina printzipioz bai.

Tradizioari jarraiki, -a eta -e amaiera duten izenak normalean femeninotzat hartzen ditu Euskaltzaindiak. Eta alderantziz, kontsonantez bukatzen direnak maskulinotzat ematen ditu. Erakundeak irizpideak ematen ditu; baimentzea epailearen esku dago. Erregistroetan Euskaltzaindiak errana ontzat eman ohi dute eta azken izendegia erabiltzen dute. Liburu horretan ez daude izen guztiak, «ez da posible», argitu du Iñigok. Izan ere, «espainiar legeak ez du gauza askorik eskatzen. Izen geografikoak, mitologikoak eta santuenak pertsona izen izan daitezke. Lege honi jarraitu diogu erret akademiak errekonozimendua Estatu espainolean duelako». Gainera, «hobeto ezkontzen da gure sistemarekin -argudiatu du Gorrotxategik-. Estatu frantsesean ezin dira deiturak jarri eta izenak itzuli ere ez. Jaioberriei ipini ahal zaie orain euskal izena, baina ezin da itzuli».

Niña de mis Ojos Loor Chavez

Iñigok komentatu duenez, Euskal Herritik kanpo gero eta gehiago hedatzen ari dira euskal izenak, hedabideek eta informatikak duten indarrarengatik. «Iker Casillas, adibidez, Real Madrilgo futbol taldeko atezaina. Edo Gaizka Mendieta, Valentzian jokatu zuena. Horrek eragin izugarria du. Orain dela zortzi urte Madrilen bertan 737 Amaia, 673 Ainhoa, 153 Estibalitz eta 111 Leire zeuden. Leire nik uste dut izugarri sartzen ari dela. Laburra da, polita, entzuna, eta horri begiratzen zaio anitz».

«... eta desberdina -nabarmendu du Gorrotxategik-. Jendea nekatuta dago betiko izenez».

Izen desberdinen bila ibili da, hain zuzen ere, Ekuadorreko kazetari bat, Marcelo Marchan. Batez ere telefono gidetan aurkitu ditu izen xelebreak, eta lehiaketak ere egin ditu. Ikerketako emaitza harrigarriekin umorezko argitalpenak osatu ditu.

Zer ez ote zuten aditu behar izan eskolan Vick Vaporoup Giler, Primera Comunion Bastidas, Chispa de la Vida Alava, Estatua de la Libertad Murrieta eta izen bitxiko bertze hainbat ekuadortarrek? Gonzalo Guillenek «The Clinic» lanean azaltzen duenez, Manabi kostako probintzian ugari dira halako kasu bitxiak. Badira gurasoentzat ahaztezinak izan ziren uneei erreferentzia egiten dieten izenak. Esaterako, Dos a Uno Angulo jaiotako igandean Esmeraldas probintziako Real Madrid futbol taldeak, aitak zuzentzen zuenak, bi eta bat irabazi zion San Lorenzori. Justo Empate Enriquez, Campeon Invicto Rodriguez Aspiazu eta Victoria Apretada Obregon Carrera ere futbol zaletasun ikaragarri baten ondorio dira. Bertze pertsona batzuen izenek publizitatearen indarra erakusten dute -Burguer King Herrera Suarez-, edo aitaren maitasuna -Niña de mis Ojos Loor Chavez-.

Euskal Herrian ere halako ponte izen bitxiak paratuko genituzke araurik ez balego? Iñigok ohartarazi du hemen ere badirela izen batzuk hagitz itsusiak: Alu, Aketz, Aker... Diminutiboei dagokienez, «euskaraz gertatzen da batzuek pentsatzen dutela zenbat eta dialektal eta ahozkoago orduan eta baskoagoa dela», azaldu du Gorrotxategik. Etorri izan zaizkio guraso batzuk semeari Ñixio ipini nahi diotela erranez: «Guk aititeri Ñixio deitzen genion eta...». Horrelakoak umearen duintasunaren kontrakoak dira edo ez? Non dago muga?

 

«Debekuaren ondorioz, -e bukaeradun izenak bihurtu ziren euskaldun»

XIX. mendearen bukaeran Sabino Aranak izendegi bat egin zuen. Edurne, Bakarne, Begoñe, Ane... hortik heldu dira eta batzuek arrakasta izan dute. «Jendeak uste du Ane Ana baino euskaldunagoa dela eta ez da inola ere horrela», argitu du Andres Iñigok. Aranak proposatu zuen bidea izan zen emakume izenek amaieran -e eduki behar zutela. Salbu Miren, Andre Maria zelako. Zer da euskal izena? «Horretaz askotan eztabaidatzen da. Historikoki badakigu Ane asmakizun bat dela, baina Ane da euskaldunok libreki aukera izan dugunean aukeratu duguna. Hori hala da. Euskaldunen %99k esango dizute euskaraz Ane dela», ziurtatu du Mikel Gorrotxategik. Jakinarazi duenez, Aranaren bide hori hautatu zuen hainbat euskaldunek, bereziki Bizkaian. Gerra baino lehenago zabaltzen hasi zen eta Bilbon, 1937ko hilabete eskas batzuetan, erregistratu ziren umeen %22k euskal izena eduki zuten. Francoren garaian euskal izenak debekatu eta itzularazi egin zituzten -adibidez, Amaia izena zuten batzuei Fin ipini zieten-. Itzulpenik ez zegoenean, aldiz, ezabatu eta bertze bat eman zen. Ziurtagiri batzuetan euskal izenak ezabatuta ageri dira, gainean «Viva Franco» edo «Viva España» dioten zigiluekin -errandakoaren froga da beheko irudia, Barakaldon hartua-. 1938an debekua ofizialdu zuten Errolda Zibilaren dekretu baten bitartez. Honela dio: «Debe señalarse como origen de anomalías registrales la morbosa exacerbación en algunas provincias del sentimiento regionalista, que llevó a determinados Registros buen número de nombres, que no solamente están expresados en idioma distinto al oficial castellano, sino que entrañan una significación contraria a la unidad de la Patria. Tal ocurre en las Vascongadas, por ejemplo, con los nombres Iñaki, Kepa, Koldobika y otros que denuncian indiscutible significación separatista». Hurrengo urtean, izen guztiak itzultzeko agindu zuten. Zer gertatu zen impasse horretan? «Debekuaren ondorioz euskaldunentzat -e amaieradun izenak bihurtu ziren euskaldun», erantzun du Onomastikako idazkariak. M. I.

 
SATRUSTEGIREN IZENDEGIAREN ERAGINEZ, BARRA-BARRA PARATU ZIREN EUSKAL IZENAK

Mikel Gorrotxategik kontatu duenez, Franco hil ondotik euskal izenak onartu ziren, baina tradizioa galduta geneukan. «Orduan, anitzentzat euskal izenak arrotzak ziren. Banaka batzuk ezagutzen ziren: Peru, Mikel... Baina Jurgi, adibidez, euskaraz Jorge dela, zenbatek dakite gaur egun ere? Herritarrak, bestalde, ponteko izen euskaldunak jartzeko gogoz zeuden. Euskaltzaindiak ez zuen oraingo baliabiderik, Jose Mari Satrustegik nola edo hala egin behar izan zuen lehenengo izendegia, Aingeru Irigarairena oinarri hartuta. Orduan izen batzuk hasi ziren erabiltzen», ekarri du gogora euskaltzain urgazle bizkaitarrak. Hiru liburuxka plazaratu zituen Satrustegik, 1972an, 1977an eta 1983an. Oso oinarrizkoak dira, ez dutelako azalpenik, baina bide izugarria eman zuten. Andres Iñigok adierazi duenez, 150.000 ale argitaratu ziren hiru edizioak batuta, eta ondorioz, jendea barra-barra euskal izenak paratzen hasi zen. Aldaketa izugarri horren erakusgarri da ondoko taula. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo