Etxeberrik «Justiziaren instrumentalizazioa» salatu du aske geratu ondoren
Txetx Etxeberri eta Jaques Morio aske geratu ziren ostiral gauean, ino-lako kargurik gabe. Etxeberriren esanetan, bi estatuek eskuz esku hartu duten norabide errepresiboa islatzen dute beraien atxiloketek.
GARA |
Polizia frantsesak asteazkenean atxiloturiko Txetx Etxeberri eta Jaques Morio aske daude ostiral gauaz geroztik. Marie-Antoinette Houyvet Parisko «epaile antiterroristaren» aurrean, Baionan bertan, deklarazioa egin ondoren, epaile horrek aske uztea erabaki zuen, kargurik gabe.
Etxeberrik prentsaurrekoa eman zuen atzo Lapurdiko hiriburuan, azken egunotan bizitakoa kontatzeko eta atxiloketok baloratzeko. Abertzaleen Batasuneko eta ELAren Manu Robles-Arangiz Fundazioko kideak, lehenik eta behin, eskerrak eman zizkien egun hauetan elkartasuna adierazi dieten herritarrei eta eragileei. Baina, batik bat, salaketa irmoa egiteko baliatu zuen prentsa agerraldia. Beraien kasua «Justiziaren instrumentalizazioaren» isla dela esan zuen. «Leporatu dizkigutenak gertaera zaharrak dira, baina orain egin dute gure aurka. Zergatik?», galdegin zuen. Erantzuna berak eman zuen: «Ez da auzi juridikoa, politikoa baino».
Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herri osoan aurrera daramaten estrategiaren barruan kokatu zuen Anaram Au Patac okzitaniar mugimenduko ordezkariari eta berari gertatutakoa. Etxeberriren aburuz, Botere Judiziala erabiltzen ari dira «helburu jakin batzuetarako», eta politika horren adierazle dira, besteak beste, 18/98 sumarioan auzipetutako herritarren zigortze eta espetxeratzea, Kako etxaldeko afera, tortura kasuak, Donibane Garaziko atxiloketak...
Estatuen xedea zein den ere bota zuen: «Militantzia publikoa ezinezko bilakatu nahi dute, desagerrarazi, eta horrela nolabaiteko klandestinitatera bultzatu». Alegia, Etxeberriren iritzian, errepresio ekintza horie- kin «jendearen haserrea pizten dute, eta bortizkeriari ateak irekitzen dizkiote. Tranpa batean sartu nahi gaituzte». Alabaina, ez dela «horretan erori behar» defenditu zuen, eta nazio eraikuntzaren bidean «inoiz baino gehiago, bide baketsuen» aldeko apustua egin zuen.
Fundazioko ordezkari Fernando Iraeta eta ELAko kide Amaia Colina alboan zituela, Etxeberrik jakinarazi zuen ostiralean bertan, goizez, Moriok eta biek gose-greba hasi zutela beren atxilotzea salatzearren. Arratsaldean bertaratu zen Houyvet Baionara, eta, deklarazio laburra egin ondotik, 21.00 aldera libre utzi zituen.
Parisera eramateko mehatxua
Epailearen aurrean eginiko agerraldian, bi atxilotuek leporatzen zizkietenak ukatu zituzten; hau da, 2004ko urrian gauzatutako polizia-operazio batekin (Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre hartu zituzten preso orduan, besteak beste) zerikusirik izatea. Laurence Le Vertek eta Houyvetek berak zabaldutako ikerketa da, eta horren arabera atxilotu zituzten bere garaian Jean-François Lefort eta Robert Arricau ere. Azken horrek Houyveti adierazi zion inkomunikazio garaian «presio handia» jasan zuela eta «salaketa faltsuak egitera» behartu zutela.
Hain justu, Etxeberrik atzo agertutakoaren arabera, atxiloturik egin dituen lau egunetan Arricau eta bera «parez pare jartzeko» eskatu du behin baino gehiagotan, akusazioak bertan behera uzteko. Baina ez diote halako aukerarik eman, «eta Parisera eramango gintuztela mehatxu egin digute, gainera».
Besterik ere salatu zuen: Polizia etxera sartu zenean eta atxilotu zutenean, ordenadorea, telefono mugikorra eta laneko hainbat txosten eraman zituela.
Azken atxiloketok eta Gobernu frantsesaren jarduna salatzeko, Demoek protesta egin zuten Baionan. Nikolas Sarkozy presidenteari leporatu zioten gustuko ez dituen herritarren eta aldarrikapenen aurka oldartzea.