GARA > Idatzia > Pilota

DONOSTIA

Azken unean ihes egin zien garaipenak Olaizola eta Mendizabali

AIMAR-MENDIZABAL 21

GONZALEZ-BARRIOLA 22

A.A. | DONOSTIA

Sinestezina. Edo sinesten oso zaila bai, behintzat. Aimar Olaizola eta Oier Zearra 21 eta 16 irabazten joan ziren ostiral gaueko partidan, eta azkenean 22 eta 21 galdu zuten. Añorgako atzelariak beherakada bat izan zuen azken fase horretan eta bi pilota utzi zituen eraman ezinik aurrena, eta hiru sake sartu zizkion Gonzalezek gero. 21nako berdinketarekin, tentsioz betetako tantoa jokatu zuten lau protagonistek, akatsak gehiago izan ziren asmatutako pilotakadak baino, eta amaieran Aimar Olaizolari txapa azpira joan zitzaion pilota batek erabaki zuen dema.

Orokorrean hartuta, lehiak fase oso ezberdinak izan zituen, baina gehienean bikote gorriak partida kontrolpean izan zuela esan daiteke. Lehen tantoetan, ordea, urdinak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak. Aimar hotz antzean sartu zen norgehiagokan eta aurkariak bost tantoko abantaila hartu zuten: 3-8.

Hortik aurrera, berriz, bikain jokatu zuen Aimar Olaizolak eta, azken asteetan ikusitakoaren ildotik, jokoa hausteko eta zuloak irekitzeko gaitasuna erakutsi zuen. Baita bizpahiru tanto ikusgarri airez nahiz botez amaitzeko ere. 6-9kotik 13-9ra pasa ziren gorriak eta horrez geroztik beraiek izan ziren aurretik Atano pilotalekuan.

Gonzalez eta Barriolak lehen postuan dira, oraingoz, porrotik gabe. Olaizola eta Mendizabalek, aldiz, geratzen diren biak irabazi beharko dituzte finalerdiak ziurtatzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo