Top 14
Biarritzi heldu zaio maila erakusten hasteko garaia
Lapurtarrak, nahiz eta laugarren postuan egon, denboraldi hasieran espero zena baina ahulago dabiltza; gaur lau puntuak lortzeko eta zaleei poz handi bat emateko aukera bikaina dute
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek ez du neurketa samurra izango gaur Montpellierren zelaian. Frantziarrak denboraldi ona egiten ari dira, eta etxean, indartsu dabiltza. Partida, 20.30ean abiatuko da, eta Frantziako Canal + telebista kateak zuzenean eskainiko du.
Zuri-gorriak sailkapenean laugarren daude, eta hor jarraitu nahi baldin badute, puntuak batzen jarraitu beharko dute, denboraldi amaieran larritasunik gabe finalerdietan sartu nahi izanez gero. Orain arte, ordea, zalantzaz beterik utzi ditu zaleak, beraiengandik espero zutena ez baitute bete. Joan den larunbatean ere irabazi egin zuten Akizeren aurka, baina lanak izan zituzten horretarako.
Atzean ongi ari dira, entsegu gutxi hartzen dituzte, eta denboraldi honetako lehen jardunaldian izan zuten zuloa itxi egin dute. Erasoan, ordea, min gutxi egiten dute. Jokalari handi asko izan arren, entseguak egitea ikaragarri kostatzen zaie, eta horrela oso zaila izaten da erasoko puntu gehigarriak lortzea.
Jokalariei dagokienean, talde lapurtarreko hainbat jokalarik ezingo dute jokatu, Balan, Vahafolau, Cronje, Hall, Lecouls eta Cabannes ez baitaude gaur jokatzeko moduan. Hala ere, zuri-gorriek jokalari asko dituzte beren taldean, eta beraien hutsuneak ez lirateke gehiegi nabarmendu behar.
Zuri-gorrien entrenatzaileek atzo eman zuten ezagutzera gaur zelaian jarriko duten hamabostekoa, eta honako hau izango da: Coetzee, August, Marlu, Thion, Couzinet, Betsen, Hall, Harionordoki, Yachvili, Bosch, Marlu, Traile, Masi, Thierry eta Brusque. Aulkian, berriz, Noirot, Wesels, Carizza, Malonga, Dupuy, Peyrelongue eta Bidabe geratuko dira, gero ateratzeko prest.
Montpellier ez da edonolako taldea. Une honetan sailkapeneko seigarren postuan dago, eta hauek ere ahal badute estreinako lau postu horietan sartu nahi dute. Horretarako gaur irabazi behar dute. Hori lortuta ere ez lukete posible izango lehenengo lauetan sartzea, baina aurrera begira, indar handia emango lieke, eta helburuetatik gertuago jarriko lirateke. Talde arriskutsua da, erasoan min dezente egiten baitu, eta Biarritzek adi ibili beharko du.