GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira

Abadiñoko lehen taldeak hirugarren txapela bideratu nahi du

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko Txapelketan, 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar Legution, 17.00etatik aurrera. Pisu horretako bigarren jardunaldia izango da.

Abadiñoko taldeak bihar bertan utz dezake dena erabakita. Beste guztien gainetik dago, eta hori segurtatzeko ez dute hutsik egin nahi. Lehen jardunaldian ere nagusi izan ziren, eta berriro ere gauza bera egiten baldin badute, oso zaila izango da beraiei txapelak ihes egitea. Abadiño B, Sokarri, Berriozar eta Amaiur ere izango dira lehian.

Neskak

Legutiora doanak, nesken aurtengo lehen jardunaldia ere ikusteko aukera izango du, 480 kiloko saioa jokatuko baitute. Badaiotz, Girizia eta Beti Gazte izango dira lehian.

Badaiotz izango da irabazteko faborito. Gainera, indarrak nola dituzten ikusteko ere balioko die, izan ere, datorren asteburuan jokatuko baita Italian Munduko Txapelketa, eta han dominak lortzeko itxaropenarekin dabiltza.

Hala ere, Girizia eta Beti Gazte ere ahaleginduko dira arabarrak estu hartzen, nahiz eta jakin oso zaila izango dela. Pisu honetan, hiru jardunalditako ligaska izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo