Olaso Dorrea Fundazioaren funtsak bere gain hartuko ditu Euskaltzaindiak
GARA | DONOSTIA
Bergarako Olaso Dorrea Fundazioaren ondare bibliografiko eta artxibistikoaren katalogazioa eta kontserbazioa bere gain hartuko du Euskaltzaindiak, horien artean George Lacomben eta Telesforo Monzonen ondareko lan garran- tzitsuak.
Hala jasotzen da bi erakundeek elkarlanerako iragan asteazkenean sinatu zuten hitzarmenean. Bertan, datozen hamar urteetan aipatutako ondare multzoak Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko direla hitzartu zuten Akademiaren Azkue Bibliotekan, hain zuzen ere.
Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko den Olaso Dorrea Fundazioaren ondarearen artean Leizarraren «Testamentu Berria»ren bi ale daude, baita Voltairen «Tresora» ere; Poza Lizentziatuaren «De la antigua lengua»; André Favynen «Histoire de Navarre»; Axularren «Guero» eta Xahoren «Voyage en Navarre». Aipatutako lan guztiak George Lacomberen bildumakoak dira, egun euskaraz diren bilduma garrantzitsuenetariko bat, Euskaltzaindiak ohar batean azaldu duenez.
Lan hauekin batera, Joanes Haranbururen «Debocino escuarra, mirailla eta oracionoteguia»; Pierre de L'ancreren «Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons», edota Oihenarten «Notitia utriusque Vasconiae» ere badira Azkue Bibliotekan gordeko diren lanen artean.
Horretaz gain, Telesforo Monzon ondarearenak ere bertan izango dira. Izan ere, bere familia izan zen Olaso Dorrearen jabea. Fundazio honek urteetan jasotako XX. mendeko dokumentazio historikoa Euskaltzaindiak gordeko du.