GARA > Idatzia > Musika

Hemen dator Lamari de Chambao «flamenko chill out» delakoaren erregina, bakarkako hegaldian

«Flamenko chill out» deitzen dutenaren ordezkari, Lamari abeslariaren bakarkako egitasmoa da egun Chambao. Asteotan gurean izango da, «Con otro aire» lan berria Durangon eta Iruñean aurkezteko.

p063_f01_148x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Flamenco Chill» debut lanarekin soinuari izena jarri eta musika munduan harridura sortu zuen Chambao talde malagarrak 2002an, artean laukote. Pedregalejo auzoko taldeak flamenkoaren palo ezberdinak elektronikarekin nahasi baitzituen, Maria del Mar, Eduardo, eta Dani malagarrak eta Henrik Takkenberg herbeheretarra partaide zituela. «Endorfinas en la mente» (2004) izan zuten hurrengoa, eta «Pokito a poko» hirugarrena, arrakastaz arrakasta.

Flamenko chill out deitzen dutenaren ordezkari, telebistan Andaluziako turismo kanpainari «Ahí estás tú» kantuarekin soinua jarri dion taldeak musikariak galdu ditu tantaka-tantaka, egun Lamari abeslaria bakarlari izatera iritsi den arte. Ordurako milioi bat diskotik gora salduak zituztenean, taldearen aurreneko bost urteak laburtu zituen «Caminando 2001-2006» bilduma plazaratu zuten.

Bakarlari bihurtuta, minbiziari aurre egin eta «Con otro aire» plazaratu zuen iazko hondarrean Lamarik, inguruan musikari berriak eta grina berpiztuak zituela. Aurki gurean izango da, Iruñean eta Durangon, zuzenean jotzeko eta guk abeslariarekin hitz egiteko profitatu nahi izan dugu mementoa.

Bakarka lan egiteak «askatasun handiagoa eman dit konposizioak egitean, eta oso eroso sentitu naiz» esan du Lamarik. «Con otro aire» lanak, «fusio gehiago du, musika irekiagoa. Elementu berriekin jantzi dugu gure betiko musika, esperimentatzea gustuko dugulako».

Azken urteetan batetik bestera ibili da taldea, eta herrialde oso ezberdinak ezagutzeko parada ere izan du. «Errealitate ezberdinak ezagutzea beti da aberasgarria, eta gogamena irekitzen laguntzen du. Hori guztia ere nabari daiteke gure musikan. Aurten, esaterako, Latinoamerikara joatekoak gara, Argentina, Kolonbia, Txile, Puerto Rico eta Mexikora. Baita Europako herrialde batzuetara ere, eta lan berriak harrera beroa izatea espero dugu, luxua baita zeure musikaren bidez bidaiak egin ahal izatea». Izan ere, lan berriak diseinu fina darama azalean, eta behin zurituta, inoiz baino soinu hegoaldekoagoak jorratu ditu barruan. Herri arabiar, afrikar eta indiarrak gogoan, «hegoaldeko kulturak izan baititut inspirazio iturri eta eragin horiek guztiak erantsi nahi bainizkion Chambaoren soinu berriari». Enrique Morente flamenko kantari handiak lagundu du kanturen batean, eta honen alaba Estrella Morentek Ray Herediari egindako «Lo bueno y lo malo» zoragarriaren bertsioan. «Enriquerekin lan egitea amets bat betetzea izan da niretzat, gizon eta abeslari gisa izugarri miresten dudalako.

Talde eraberritua

Musikariei dagokienez, lantalde ugaria osatu du Lamarik. «Zortzi musikari gara agertokian. Horietako batzuk, Toni Cantero gitarra-jotzailea, Toni Romero teklatu-jotzailea, Juan Heredia perkusio-jotzailea eta haize tresnak jotzen dituen Roberto Cantero, aspaldi gabiltza elkarrekin lanean. Bi musikari berri ere elkartu zaizkigu orain, Alex disko jartzailea -elektronikaz arduratuko dena- eta Constantino, aspaldiko musika tresna herrikoiak jotzen dituen laguna.

Guztien nahasketak eman du «Con otro aire», Chambaoren betiko soinua ireki eta muga guztietatik askatu duena, disko etxearen hitzetan, «Chambaoren lanetatik `lurrik' gehien duena hauxe bera delako».

Fitxa

Gaur, Iruñea: + El Quinto Parpadeo.

22.00etan Anaitasuna pabilioian. Sarrerak: 24/26 euro.

Otsailak 23, Durango:

+ El Combolinga.

22.00etan Landako gunean.

Sarrerak: 22/25 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo