GARA > Idatzia > Txirrindularitza

PISTA

Euskaldunak Jokoetara gerturatzen saiatuko dira Danimarkan

U.I | BILBO

Sei euskaldun lehiatuko dira pistako Munduko Kopan, Danimarkako Ballerup herrian, gaurtik igandera arte. Olinpiar Jokoetara sailkatzeko azkenaurreko lasterketa izango dela-eta, lehia handia espero da. Leire Olaberria eta Hodei Mazkiaran puntuak batzen saiatuko dira horretarako aukera eskuratzeko. Asier Maeztu, Eneritz Iturriaga, Haitz Larrinaga eta Iban Leanizbarrutia dira beste lehiakide euskaldunak.

Olaberria eta Mazkiaran sasoiko helduko dira, urrezko lau eta hiru domina irabazi zuten, hurrenez hurrenez, Espainiako Txapelketan. Horregatik, gipuzkoarrak puntuazio eta jazarpen probak besterik ez ditu egingo; aurrenekoan Jokoetan parte hartzea erabat ziurtatzeko; bestean, aldiz, dena eman beharko du lekua lortzeko.

Mazkiaranek aurrerpausoa eman du lehiaketa hasi aurretik. Izan ere, Espainiako hautatzaileek nafarra hartu dute abiadurako hirukotea osatzeko. Olinpiar Jokoei so, bost txirrindularik dute korritzeko aukera. Nafarra gazteena den arren, prest da ardura hartzeko.

Edonola ere, bai Olaberriak baita Mazkiaranek ere azken aukera izango dute Manchesterreko Munduko Txapelketan.

Bestetik, Maeztuk taldekako jazarpena eta madison probetan protagonista izan nahi du.

Leanizbarrutiaren debuta

Cespa-Euskadi taldetik beste hiru arituko dira Danimarkan. Leanizbarrutiak saria jaso du, hiru domina irabazi baitzuen Palman eta lehen aldiz arituko da Munduko Kopan. Larrinaga, berriz, nazioartean lehiatuko da hiru urte ondoren. Bestetik, Iturriagak azkenak emango ditu pistan errepideko denboraldia hasi aurretik. Azkenik, Elorriagak atsedena hartuko du.

Ballerup hirian, Kopenhagetik 12 kilometrora, 50.000 biztanle inguru bizi da. Super Arena belodromoak 2006. urteko Mundiala hartu zuen eta 2010. urtean ere halaxe egingo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo