Astana, Tourretik kanpo
Tourra eta UCIren arteko borroka luzearen azken biktima
UCI, 2005ean ProTourra sortu zuenetik, lehia bizian ari da itzuli haundien antolatzaileekin. Arrazoia, telebista eskubideen dirua; agertokiak, ugari, eta biktima nagusia, txirrindularitza bera.
Zalantzarik ez txirrindularitza munduan daudenen artean: Astana taldea Tourretik kanpo uztearen erabakia, lasterketa antolatzen duen erakundeak eta UCIk aspalditik daukaten borrokaren emaitza da.
Hori salatu zuen Astanaren zuzendari Johan Bruyneelek, albistea jakin bezain laster, «guda honek biktimak uzten ditu urtero, eta aurten guri egokitu zaigula dirudi», onartu zuen. Halako adierazpenak egin dituzte hainbat txirrindulari eta zuzendarik azken ordu hauetan.
Guda hori UCI ProTourrarekin batera jaio zen. Nazioarteko erakundeak 2005. urtean sortutako proiektuaren helburua, txirrindularitzari nolabaiteko egonkortasuna ematea zen, goi mailako lasterketak, taldeak eta txirrindulariak bateratuz. Teorian. ASO boteretsuak -eta, berarekin batera, Giro eta Vueltaren antolatzaileek ere- ez zuten begi onez ikusi asmakizuna hasiera-hasieratik, ordura arte izandako hegemoniari zuzendutako mehatxutzat hartu baitzuten. Aipatu zituzten arrazoen artean, talde onenak, eta ez UCI inposatutakoak, gonbidatzeko eskubideari eustea.
Teoria, azken finean, borroka honen hazia, guda guztiekin gertatzen den bezala, boterea eta, are zehatzago, dirua. Hain zuzen ere, telebista eskubideek eskaintzen duten dirua. UCIren asmoa, izan ere, lasterketa guztien eskubideak batera maneiatzea zen, diru gehien sortzen duten frogena -hau da, ASOk antolatzen dituenak, Giro eta Vuelta- barne.
Hazia, horixe. Agertokiak, ugari: egutegia, lasterketen parte hartzaileak, erakunde antolatzaileak -ASOk Hein Verbruggek UCIko presidente ohiak, eta ProTourraren bultzatzaile nagusiak, hainbat lasterketa erosi nahi zituela salatu zuen-, dopingaren aurkako borroka... Biktimak, txirrindulariak, taldeak, antolatzaileak..., hau da, txirrindularitza.
Trevisoko «armistizioa»
Zoritxarrez, badirudi gudak asko iraungo duela, urtarrilean Trevison lortutako akordioak hainbat itxaropen sortu arren.
Bertan hartutako konpromisoen ondoren, zortzi lasterketek -Tour, Giro, Vuelta, Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne -Lieja eta Lombardiako Giroa-, egutegi berezia egiteko aukera lukete, eta trukean Protourreko 18 taldeen parte hartzea onartu.
«Armistizioa»k, baina, ez du ezertarako balio izan. Aste bat geroago Giroak lasterketatik kanpo utzi baitzuen Astana taldea, eta bide berberari eutsi dio Tourrak orain, horrela borroka areagotuz.
Gainontzeko taldeak, dardarka; korritu nahi ez dituzten hainbat lasterketetan parte hartzera behartuta, eta korritu nahi dituztenetan parte hartzeko aukerarik duten ziurtasunik gabe.