GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Auzitegi Nazionalean joko politikoa egiten da, ez justizia»

p016_f01.jpg

Iñaki Uria
«Egunkaria auzian» auzipetua

Zarautzen jaioa, 1960ko irailaren 18an. `«Susa» aldizkari eta argitaletxeko sortzaileetako bat, «Zeruko Argia» aldizkaria «Argia»' bihurtu zen unean, han ari zen lanean. «Euskaldunon Egunkaria»ren sorrera prozesuan parte hartu zuen hasieratik eta zuzendariorde, zuzendari eta kontseilari ordezkari karguak bete zituen. 2003ko otsailaren 20an beste hainbat kiderekin batera atxilotu zuen Guardia Zibilak.

Maider EIZMENDI |

Asteazkenean bost urte beteko dira «Euskaldunon Egunkaria» itxi zutenetik. Hainbat pertsona atxilotu zituen egun hartan Guardia Zibilak, eta beste hainbat 2003ko urriaren 16an. Zain daude Auzitegi Nazionalak epaiketak noiz abiatuko, baina aurrekariak aztertuta, uste dute ez dutela inolako bermerik. Horre- gatik, herriaren sostengua eta elkartasuna oinarrizkotzat jotzen dituzte, «Egunkaria» itxi zenean bezainbeste.

Asteazkenean hilaren 20an, bost urte beteko dira Guardia Zibila «Egunkaria»ren egoitzan sartu eta hainbat lagun atxilotu zituenetik, nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Nahiko bizi gogoratzen dira honelako gertaerak. Etxean zarela, gau batean Guardia Zibil mordoa sartzea, ez da erraz ahazten. Etxetik eraman, «Egunkaria»ren miaketan luze egon, gau osoa dantzan eman, eta ondoren bost egunez, lau gauez, torturatzen zaituztenean... Hori normalean bizi gogoratzen da. Gainera, barruan izandako istorioak nahiko gogorrak izan ziren, eta horiek ezin dira ahaztu, esaterako, atxilotutako bat kalabozotik ospitalera eraman zutenekoa, bere burua paretaren kontra joka hasi zelako. Tartean pasarte on asko ere gogoratzen ditut, jaso genuen elkartasuna, adibidez. Galdeketa saio batetik itzuli, eta baten batek `Iñaki zer egin dizute?' esan zidanekoa; horrelako gauzak ere izan ziren.

Inkomunikazio aldian pairatu zenituzten torturek oihartzun handia izan zuten euskal gizartearengan, Zer iritzi duzue Estatu espainolaren erantzunari buruz?

Estatuaren erantzuna gure salaketen aurrean kereila jartzea izan zen kolaborazioa egotzita, eta auzi horiek, indarrean daude oraindik. Nahiz eta tortura kasu gehiago izan, bost pertsonak salatu genituen, haietatik lau artxibatuta daude, bat Konstituzionalera iritsi da, bertan zerbait egin dadin, baina... Nirea oraindik indarrean dago. Donostiako Auzitegian tramitatu zen, bertako epaile batek sinesgarritasuna eman baitzion nire kontakizunari. Gainera, ondorio fisikoak izan nituen, eta kartzelan fisioterapeutarekin egon nintzen hilabete batzuetan hankan nuen lesio bat sendatzen, beraz, froga fisikoak ere banituen. Epaileak ahozko epaiketa ireki behar zela agindu zuen, baina helegitea jarri zuten Fiskaltzak eta guardia zibilen abokatuak, ahozko epaiketa ireki ez zedin, eta, irekitzekotan, Madrilen izan zedin. Bost urte joan dira ordutik, baina halakoak oso mantso joan ohi dira.

Bost urte joan dira ordutik, gertatutakoa patxadaz aztertu eta hausnartzeko parada dago, nork bultzatu zuen operazio hura eta zein helbururekin?

Helburu zehatzak izan zituen. Batetik, ezin da ahaztu PPren bigarren agintaldia zela, gehiengo absolutuarekin abiatutakoa, gainera. Garai hartan martxan jarri zituen aurretik jarri nahi zituen gauza asko, horien artean, horrelako operazioak egitea helburu politiko zehatz batzuekin, seguru asko, hemen marko berri bat bernegoziatzera ez iristeko. Kontuan hartu behar da, halaber, gure aurretik AEK eta beste eragile batzuk kolpatu zituztela euskalgintza arloan, eta autonomiaren suspentsioa, Ertzaintza, ETB eta horrelako gauzetan eskua sartuko ote zuten ari zirela. Orduko autonomiaren listoia jaitsi nahi zuten, asko jota, berriz ere toki berera iristeko.

Nazioartean, berriz, 11-Sren ondorengo giroa zen nagusi, terrorismoaren kontra denak balio duen oinarri hori eta aldeko haize hori erabili zuten hemen dena ETArekin lotzeko.

Bestalde, euskararen ikuspegitik, gure akusazioan Dignidad y Justiciak aipatzen duena eta PPren oinarrietan seguru asko dagoena dago. Euskara, Euskal Herriaren oinarri eta zutabe nagusi gisa ikusten dute, eta badakite horri ETAk garrantzia handia ematen diola, horregatik ETArekin lortzen dituzte euskara, eta euskararen alde egiten diren instituzioz kanpoko ekimen guztiak. Hala, ikusi zuten «Egunkaria» herri ekimena zela, eta herri ekimen bezala, ez zela bakarrik hizkuntzaren ikuspegitik aurrera atera, baizik eta komunikabide bezala, eta gainera, herri eraikuntza lanean oso pieza inportantea zela. Horretaz gain, lanean zeramatzan hamairu urteetan jada sinesgarritasun handia lortua zuen irakurleen aldetik eta babes sozial eta instituzional handia. Hainbatetan esan dudan moduan, bere txikitasunean «Egunkaria» nazio zen, eta begiko ez zutenez, itxita hobeto zegoela uste zuten. Operazio horren bitartez zera esan nahi izan zuten: `Honekin ere ausartu gara, ikusten al duzue?'. Jarrera bera dute Euskal Herria modu desberdin batean ulertzen dutenekin, aberria osatu nahi duten sektore euskaltzale eta herritar guztiak nolabait beldurrarazteko eta geldiaraz- teko.

Zer iritzi duzue Fiskaltzaren jarreraren gainean?

Bi operazio izan ziren, lehena, geurea, otsailaren 20an. Bigarrena, urriaren 16an. Ez «Egunkaria» bakarrik, Parkea kudeatzen duen enpresa eta inguruko enpresa batzuk ere ukitu zituzten. Bi prozedura dira, beraz, auzi nagusi bat, non gelditu garen zazpi lagun pertenentzia akusazioarekin; eta bestetik, auzi ekonomikoa, honetan irregulartasun ekonomiko batzuk baino ez dituzte topatu. Hasieran «Egunkaria» itxi bazuten zen finantzaketarako eta zuriketarako ETAren enpresa entramatu jotzen zelako. Instrukzio epaileak berak oso garbi utzi du horrelakorik ez dagoela. Gero irregulartasun ekonomiko batzuk zeudela esan zuten, BEZa ordaintzeko orduan eta diru laguntzak jasotzeko orduan iruzurra egin zela.

Fiskalak auzi nagusia artxibatzea eskatu du beti, ez du akusaziorik egin eta epaiketara baldin badoa, akusazio popularraren bultzada hutsez izango da; auzi ekonomikoan fiskalak esan izan du Auzitegi Nazionala ez dela eskumeneko auzi ekonomikoa aztertzeko, eta hona ekarri beharra dagoela. Instrukzio epaileak behartuta egingo da epaiketa Madrilen, eta fiskalak ez du egin bere azterketa eta berezko eskaria, Dignidad y Justicia-ren eskaerara batu da, epaileak hiru egun baino eman ez zizkiolako. Alde horretatik arriskua dago auzi ekonomikoa aurretik epaitzeko. Ez dakigu ziur noiz egingo den, baina epaile bakarraren kontua denez, eta prozedura laburtua gainera, nahi dutenean abia dezakete.

Bost urte hauetan «Egunkaria auzian» auzipetutako lagunek elkartasun keinu ugari jaso dituzue, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo ere. Nola baloratu duzue sostengu hori?

Sentimendu bikoitza eragiten du. Batetik, garrantzitsua izan da, eta oraindik ere bada jasotako elkartasuna. «Egunkaria» itxi eta berehala izan zen manifestazio hark, jakin badakigu beste operazio batzuk geldiarazi zituela. Askotan jendeak esaten du manifestazioek ez dutela ezertarako balio, baina horrelako erantzun indartsuak balio izan zuen une hartan.

Gerora, atxikimendu ugari jaso ditugu epaiketarik ez egiteko, edota kasua artxiba dezatela eskatzeko; hasi Europako Legebiltzarreko makina bat europarlamentarik emandako sosten- gutik, eta Espainiako Senatuko eta Kongresuko talde parlamentario guztiek, PP eta PSOE salbu, egindako eskarira, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran eskatutakoa, edota Eusko Jaularitzak, eta oro har, gizartean egindako eskaeretara. Katalunian ere asko izan dira hasieratik gure alde jarri direnak, neurri handian arrisku gisa ikusi zutelako eta «Egunkaria» lagunduz, beraiena defendatzeko modua ikusi zutelako.

Baina, bestalde, sostengu eta laguntza hau guztia jasota, eta bost urte pasatuta, epaiketak egin, egingo dira. Agerian geratzen da Auzitegi Nazionalak gehiago ahal duela erakunde hauek guztiek baino, eta beste zenbait kasutan, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren kasuan edo beste kasu batzuetan ikusi den moduan, nahikoa dela instrukzio epaile bat alderdi bat ilegalizatzeko. Horrek zer pentsatua ematen du, ez gara gai izan herri bezala dagoen estatus juridiko eta politiko horri beste galga bat jartzeko, edo beste baldintza demokratiko batzuk sortzeko. Horiek sortzen ez diren bitartean, Auzitegi Nazionalak indarrean jarraitzen duen bitartean, eta Espainiako epaile batek hemengo botereen gainetik bere irizpidea martxan jartzeko aukera duen bitartean, galduta gaude. Hori gogoeta basikoa da. Azkenean hemengo agintariak Estatu espainol horren ordezkari dira eta bere langile bihurtzen dira zuzenean, eta ez euskal herritarren defendatzaile, hain zuzen, Estatu horrek gu etsai bezala tratatzen gaituenean, eta ez herritar bezala. Herri honetan gatazka asko daude eta zaila da horiek adostea eta konpontzea, baina gauza oinarrizko horietan ez badago adostasunik, nekez emango dugu pausorik horrelakoen aurrean, beti izango da atea libre nahi duenik nahi duena egiteko.

Azken hilabeteetan ezagutu da 18/98 auziari dagokion epaia -bertan beste komunikabide baten itxiera epaitu da, ``Egin'' hain zuzen ere-, Batasunaren Mahai Nazionala kartzelatu dute, Gasteizko Parlamentuko aurreko Mahaia kondenatu dute, atxiloketak eguneroko bilakatu dira... Nola uste duzue gauzatuko dela epaiketa Auzitegi Nazionalean?

Gaizki. Nahiz eta une batean bazirudien gure kasua hobeto joan zitekeela, fiskalak berak artxibatzeko eskatzen zuelako, ikusta bi epaiketak Auzitegi Nazionalean izango direla, eta eskariak gehiegikeri hutsa direla askorentzat, panorama ez da batere xamurra. Nik irakurri dut 18/98 epaia eta ikusi dut azkenean frogarik gabe eta ia ezer gabe nola eman ditzaketen horrelako kartzela zigorrak. Auzitegi horretan ez da justizia administratzen, joko politikoa egiten da, eta, batez ere, zigorra administratzen da. Euskaldunen kasuan independentziaren alde edo euskararen alde egindako lana zigortzen da eta azkenaldian, lan politikoa. Salbuespen tribunal bat da eta horrela jokatzen ari da.

Harresiak eraiki behar dira?

Metafora bezala ona da. Ez bakarrik defentsarako eta babesteko, guk behar duguna gure herria demokratikoki eraikitzea da; geure erakundeak behar ditugu, geure justizia sistema behar dugu... Herri gisa antolatu eta kanpoan ezagutua izatea. Hori da modu bakarra, Auzitegi Nazionalak eta horrelako Espainiako erakundeek gure gain daukaten erabakitzeko ahalmenik aurrerantzean izan ez dezaten.

Datorren asteazkenean ekitaldia egingo duzue Martin Ugalde Parkean, nori zuzenduta dago eta zein helbururekin?

Ekitaldietako bat izango da Martin Ugalde Kultur Parkean egingo dena. Elkarretaratze bat egingo da etorri nahi duen edo- norentzat irekia, guztiak gonbidatuta daude. Badakigu bestalde, herri askotan gauzak antolatzen ari direla, gauza xumeak izango dira bosgarren urteurren hau gogoratuz, baina baita herrietan «Egunkaria»ren itxieran hain garrantzitsuak izan ziren batzordeak berotzen hasteko eta epaiketaren aurrean lanean hasteko. Epaiketak iristear egon daitezke eta prest egon beharra dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo