GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ness lakuko Titanica

Eusko Jaurlaritzak nanomolekulen ikerketaren alde egindako apustua lehendabiziko emaitzak ematen hasia da: zelula berri bat aurkitu dute, non eta Lakuan bertan. Islamiarra, hau ere esan behar da! Hau bai kolpea ikerketa laiko batean! Gainera, lehenengo aldiz izan da Ertzaintzak kolaboratu egin duela Jaurlaritzaren Ikerketa+Garapena+Berrikuntzaren programan. Iturri fidagarrietatik jakin izan denez, zelularen zitoplasman abiadura handiko trenaren kode genetikoa topatu omen dute, CD batean. Tira, ordu gutxi batzuk besterik ez du iraun zelula horrenak, beheko Estatuko epaitegi nazionalak kalean utzi baitu segituan, ordu gutxi batzuk lehenago hango Estatuko barne ministroak in vitro luze mantentzeko itxaropenean pozarren ageri bazen ere.

Nanoteknologia alorrean ere ari da Eusko Jaurlaritza apustuan; zelan ulertu bestela sailburu batzuek grebaren erabilpen politikoaz esandakoa? Burmuina nanotuta, txiki-txiki eginda, eduki behar horretarako! Ene, ene! ezkerra ere ez dabil beti fin bere kritiketan. Horra, kasuko, Nafarroako gobernuari sarri luzatutakoa, bertako arazoetan busti ez dela egiten. Busti ezetz? Trajeaz eta guzti busti ere! Irudiak telebistan estreinakoz ikustean Titanicen nafar bertsioa errodatzen hasiak zirela begitandu zitzaidan, gobernukideren bat bera ere gidoian guztiz murgilduta. Itxura batean sailburuak ez zuen sirena hotsaren abisua entzun. Total, Titanic Itoizen. Are gehiago, gorputz hark uretatik burua atera zuenean Ness lakua begitandu zitzaidan Itoiz; baina, ez dakit zergatik. Zin dagit.

Uretatik atera gabe horra Etxe Zuriko maizterraren azkena. Tira! seguru hau baino azkenagorik ere badela. Baineraren erabilpena defendatu du sutsu, ziegetatik ere demokrazia ezartzeko tresna modura. Lege barruan aritzeko, legeak tresna hori legez kanpokotzat ez hartzea nahi du. Ezin tipo horri zintzotasuna ukatu. Ez baineraren kontuan, ez Kyotorenean ere; argi hitz egiten du. Beste batzuei ukatu behar zaie tasun hori, legeak zigortzen duena baitute ezkutuko lege euren ziegetako baineretan.

Tira, planetak biraka segitzen du, hala ere, bere kabuz; zorabio handirik gabe, itxuraz. Ni Europako mapamundi berria erostera noa, barruko muga batzuk mugitu egin berri direlako. Berriro mugitu ere. Ez azkenez gero!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo