Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea
Euskal demokrazia garatzea
Baldintza ezberdinetara egokitutako hizkuntz politika nazionala, burujabea eta bakarra gauzatzea beharrezkoa da euskaldun eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bi belaunalditan
Hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dira bizitza sozialaren eremu askotan, esparru juridiko politikoek ez baitituzte euskaldunen eta Euskal Herriaren eskubideak bermatzen, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren urteko txostenek egiaztatzen duten bezala. Menpeko hizkuntz politikek ez baitute balio Euskal Herria euskalduntzeko eta bere garapen iraunkorra bermatzeko.
Euskaldunok menderakuntza nazional baten biktimak gara. Bortxazko asimilazio historiko baten ondoren, Espainiak eta Frantziak gaztelania eta frantsesa sarrarazi dituzte euskararen lurraldean. Bi hizkuntza horiek bertan daude, baina ez dira bertakoak, beste lurralde batzuetako baizik. Ez dira Euskal Herriaren berezko hizkuntzak. Euskara baita Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarra. PSOE eta EAJ, ordea, tematuta daude ikuspegi hori ahantz dezagun. Eta horretarako, elebitasun sozialaren, orekatuaren eta iraunkorraren mitoa eraiki dute Euskal Herri euskaldunaren ikusmoldea baztertzeko.
Horrela, PSOEk gaztelania inposatzea iraunaraztea, euskararen lurraldea kolonizatzea eta Espainia bakarra uniformatzea bermatzen du; eta EAJk bere mendeko jarrera zuritzen du. Euskaraz ez dakitenei lanpostu publikoetan aritzeko pribilejioak emanda, eta erdara eremu pribatura mugatu gabe (norberaren, familiaren eta lagunartera) ezinezkoa baita normalizazioa aurreratzerik euskararen herrialde guztietan. Neurri horiek nahitaezkoak eta proportzionalak dira, eta legezko egin behar dira Euskal Herria euskalduntzeko. Etxean arrotz izan gabe, euskaraz bizi ahal izateko ulertu egin behar baikaituzte.
PSOE eta EAJrenak menpeko politika bakarraren bi ikusmolde osagarriak dira, euskal herritarrek hizkuntz politikaz duten jarrera aldatzea zailtzeko eta euskararen normalizazioa zapuzteko. Ameskeria baita politika horrekin Euskal Herria berreuskalduntzea. 25 urte ondoren, egungo politiken emaitza eskasek, joera negatiboak neutralizatzeko ezintasunek eta euskararen erabilera urriak «irlanderatze prozesua» erakusten baitute. Aldaketa politikoa, beraz, ezinbestekoa da. Tokian tokiko baldintza ezberdinetara egokitutako hizkuntz politika nazionala, burujabea eta bakarra gauzatzea beharrezkoa baita euskaldun eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bi belaunalditan.
Independentzia derrigorrezkoa da Euskal Herri euskalduna bermatzeko eta berdintasun maila berean jartzeko euskaldunak, espainolak, frantsesak eta europarrak; euskara, gaztelania, frantsesa eta europar hizkuntzak; Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Europako estatuak. Herritarrak, hizkuntzak eta herriak berdinak baikara duintasunean.
Independentzia beharrezko baldintza da, baina baldintza nahikoa ere izan dadin euskalduntze prozesuak herri gogoaren bultzada jaso behar du. Independentzia irabaztea eta euskara galtzea ere gerta baitaitezke; Euskal Herria euskalduntzeko prozesuak herri gogoaren bultzada nahikorik jasotzen ez baldin badu, Irlandarena gerta dakiguke. Bizi ditugun baldintza politiko eta soziolinguistikoetan aurrera ez egitea atzera egitea baita.
Aurrera egiteko, euskal nazioaren ukazioa gainditu eta esparru demokratikoa behar dugu. Euskal Herria zatitzea eta erabakitzeko eskubidea eragoztea iragana da. Premiazkoa zen iragan ostegunean kalera ateratzea, konponbiderako proposamena zabaltzea, eta botoen mobilizazioa eragitea, pertsona ororen eskubide guztiak zilegi izan daitezen. Esparru demokratikoa behar dugu euskal Estatuari ateak irekitzeko, independentzia eta sozialismoa eraikitzeko, Euskal Herria euskalduntzeko. Horretarako, herritar guztien borondate askea eta demokratikoa da muga demokratiko bakarra, alboko bi estatuen esku sartzerik gabe.