LABek dei egin die Udalari eta jabeei, Ormaza enpresa ez ixteko
GARA |
«Oraindik ez da berandu. Herri eta langileen presio bidez, hau da, guztion artean, exijitu behar diegu agintariei, enpresa agintariei eta herri agintariei, mahai batean esertzeko eta ez daitezela mahaitik altxa arazo hau konpondu arte». Hori adierazi du LABek, ohar baten bidez, Ormaza kontserba enpresaren desagerpenaren mehatxuaren aurrean egiten duen deialdian.
Izan ere, «hausnarketa sakon eta serioa egitera deitu» ditu enpresaren jabeak eta EAJko udal agintariak, enpresa itxita 40 lanpostu galtzeko arriskuan baitaude.
«Enpresa dagoen lurretan etxebizitzak eraikitzea ahalbidetzen duen lurren salmentatik eta Udalak erosi dien zatitik zenbait diru lortuko duten argi dago, asko!», azaldu du LABek atzean dagoen higiezinen operazioaz.
Udalak proiektu honetan duen parte hartzeaz, Ormazako jabeei lantegiaren zati bat erosi bai, baina diru hori ugazabek eskuratuko dutela diote, ez langileek. Horregatik, kritika zorrotza egin dio sindikatuak EAJren esku dagoen alkatetzari, «garrantzitsuena ez baitu lortu», hots, Ormazako langileek lanean jarraituko duten ziurtasuna.
Borondate kontua
Hala ere, LABen ustez, borondaterik balego, oraindik ere aukera legoke itxiera gauzatu beharrean jarduera ekonomikoak bere horretan jarraitzeko.
LABek azaldu duenez, «Ormaza berria eraikitzeko dirua badago», eta era berean, oraindik Lakuako diru laguntza publikoak ere lortzeko aukera egongo litzateke, «enpresa proiektua aurkeztu ostean eraikin berriak egin ahal izateko». «Beraz, borondatea da gakoa», nabarmendu dute.
Lurra ere badagoela azaldu du LABek, horregatik jabeei «hausnarketa serio eta sakona» egin dezaten dei egin die, eta Udalari, «Ormazarekin bil dadila proiektu berria gauzatzea eskatzeko eta Udalaren esku dagoen guztia egiteko prestutasuna erakusteko, Jaurlaritza eta behar diren instituzio guztien aurrean».