GARA > Idatzia > Alaves

Arnasa hartzeko partida bikaina izan dezakete Josu Uriberen mutilek

GARA | GASTEIZ

Joan den larunbatean garaipena lortu eta gero, Deportivo Alavesek beste partida garrantzitsu bat izango du gaur arratsaldean. 17.00etatik aurrera, Cadiz taldeari bisita egingo dio Ramon de Carranza zelaian. Harrokeria handirik gabe, baina punturik urratuz gero, ligan arnasa hartzeko moduko neurketa dute Josu Uriberenek, eta hala sailkapenaren erdialdean txoko bat bila dezakete.

Astea nahiko lasai joan da Gasteiz aldean, eta albiste ona izan dute gainera, Toni Moral berreskuratzeko moduan izan baitira gasteiztarrak. Ondorioz, Sevilla Atleticoren aurka erabilitako joko sistema berbera errepikatzeko modua edukiko du Josu Uribe teknikari asturiarrak, 1-4-2-3 delakoa, alegia.

Atzo goizean Gasteiztik abiatu ondoren, arratsaldean iritsi ziren Uribe eta bere mutilak Cadiza, eta 18.00ak aldera izan zuten neurketa aurreko entrenamendu saioa La Caleta kirol instalazioetan. Arabarren entrenatzaileak honako 18 gizonak eraman zituen: Bernardo, Nico Ardouin, Calderon, Edu Alonso, Mateo, Pablo Casar, Gaspar Galvez, Mehdi Lacen, Sergio Rodriguez, Nacho Garro, Angel Sanchez, Stevanovic, Jairo Alvarez, Mena, Gabri, Toni Moral, Raul Sanchez eta David Aganzo.

Itxura denez, Uribek eskuin hegalean baino ez du izango zalantzarik; izan ere, lau hautagai izango baititu postu bakarra betetzeko: Gabri, Iñigo Calderon, Chema Mena, edo Jairo Alvarez asturiarra bestela.

Irabaztera goaz

Puntu bakarra urratzea nahikoa sari izan baliteke ere, anbizioz gainezka mintzatu zen Josu Uribe neurketaren bezperan, Cadizi «aurrea hartzean» baitu burua talde bazorroaren entrenatzaileak.

«Irabaztera joango gara Cadiza, baina, horretarako, gure atean hutsean mantentzea ezinbestekoa izango da», adierazi zuen entrenatzaile asturiarrak Gasteizen.

«Bi puntu gehiago baino ez ditu Cadizek ligan. Beraz, irabazita, aurrea hartuko genioke. Horretaz gain, bi partida jarraian irabaziko genituzke, eta horrek gure bolada ona berretsiko luke, zalantzarik gabe», nabarmendu zuen Josu Uribek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo