GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Avironek zaleei amets egiteko aukera eman die

Zuri-urdinak sailkapeneko bosgarren postuan dira, burua onenen artean sartuta, une honetan finalerdiak jokatzeko aukera lau puntura dute

AVIRON 25

MONTAUBAN 18

Jon LEUNDA | BAIONA

Denboraldia hasi aurretik Avironi esan izan baliote urte sasoi honetan sailkapeneko bosgarren postuan egongo zela, finalerdietatik lau puntura, inor gutxik sinetsiko zuen, baina hori da egia, izan ere, zuri-urdinak bosgarren baitaude, eta laugarren postutik lau puntura direla. Beraz, amesteko egoeran daude lapurtarrak.

Partida estua izan zen atzo Jean Daugurren. Montauban ere ongi sailkatuta zegoen, baina zuri-urdinak lan bikaina egin zuten atzean, eta baita erasoan ere, baina guztien gainetik Richard Dourthe nabarmendu zen. Talde batean jaurtitzaile on bat izateak puntu asko ematen ditu, eta atzo Avironi horixe gertatu zitzaioan. Kapitainak lan bikaina egin zuen, eta bera izan zen punturik gehien lortu zuen jokalaria; atzoko garaipena eskuratzeko ezinbestekoa izan zen Landetako jokalaria.

Lehen zatian etxekoak ongi hasi ziren, eta Dourthek zituen aukerak barruan sartzen zituen bitartean, Elkhorgak entsegua egin zuen, eta Dourthek transformatu. Hala ere, kontraerasoan, min egiten zuten kanpotarrek, eta bi entsegu ere egin zituzten atsedenera joan aurreko minutuetan. Hala ere, etxekoak aitzinetik zirela joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian bi taldeek arrisku gutxi hartu zituzten, eta erasoko jokaldi gehiegi ez zen ikusi.

Horrelakoetan, ostikoak oso garrantzitsuak izaten dira, eta hor Aviron bikain aritu zen, zituen aukera guztietan asmatu egin zuen, eta horrexek, eman zizkien atzoko lau puntuak. Montauban ahalegindu egin zen azkeneko minutuetan baionarrak estutzen, baina lerro guztietan lan ona egin zuten, eta sufritu behar zenean ere hori egiten jakin zuten, eta amaieran lau puntuak etxean geratzeko modua egin zuten talde sendo bat aurrean izan arren, beraz, onenen artean burua sartuta jarraitzen du.

Amaieran, zoramena harmailetan; jokalariek ere eskertu nahi izan zuten zaleen laguntza. Atzo ere ia 13.000 zale ziren harmailetan, eta hori ezinbestekoa bihurtu da jokalari lapurtarrentzat.

Denen artean, aurten denboraldi gogoangarria egiten ari baitira. Etxetik at hobetzea falta zaie, hortxe du aurtengo Avironek duen zulo bakarra, jokoa asko jaisten baitu Jean Daugurretik kanpo.

Richard Dourthe

Richard Dourthe izan zen atzoko protagonista nagusia. Lapurtarren jaurtitzailea partidako onena izateaz gain, berak egin zituen zuri-urdinen puntu ia guztiak, bere lana ezinbestekoa izan zen atzoko norgehiagokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo