Ohorezko Maila
Ordiziak Bera Bera estutuz hartu du arnasa
J.L. | ORDIZIA
Ampo Ordiziak irabazi zuen atzo Trevijanon jokatu zen gipuzkoarren arteko derbia. Partida borrokatua eta estua izan zen, baina honelakoetan gertatzen den moduan, emozioa handiagoa izan zen jokoa baino.
Lehen zatian etxeko taldea gehiago izan zen zelaian, baina ezin izan zuen nagusitasun hori agertu, nahiz eta 9-6 aurretik joan ziren atseden hartzera. Aukerarik egiten ez denean, ostikoak aprobetxatu behar izaten dira, eta Catchoplek hiru egin zituen etxekoentzat, eta bi Buenok hiriburukoentzat.
Bigarren zatian, goierritarrek presioa handitu egin zuten, eta aukera gehiago lortu ez arren, Catchoplek egin zuen etxekoen eta partidako entsegu bakarra, eta horrekin 16-3koa jarri zuen markagailuan, partida amaitzeko dozena bat minutu falta zirenean.
Norgehiagoka erabakita zegoen, baina Bera Berak emaitza murriztu nahi zuen, gutxienez puntu bat lortu ahal izateko, eta hori azkeneko minutuetan heldu zen, orduan Gorka Buenok zigorra lortu zuen donostiarrentzat, eta horri esker, defentsan lortutako puntua batu ahal izan zuten.
Ordizia, orain jaitsieratik kanpo dago, baina gainerakoek gaur jokatuko dituzte beren partidak, eta horiek amaituta jakingo da jaitsieratik kanpo geratzen den edo ez. Bera Berarentzat, berriz, emaitza oso txarra izan da, nahiz eta puntu batekin zertxobait konpondu ahal izan zuen; hauek ere atzeko postuetatik oso gertu geratzen dira, eta hemendik aurrera hortzak estutu beharra izango dituzte, bestela oso gaizki pasatuko dute.