GARA > Idatzia > Kultura

Erika Lagomak lortu du Nafarroako Bertso Txapelketaren finalerako lehen txartela

Bost bertsolari gazte eta beterano bat aritu ziren atzo Txantrean, Nafarroako Txapelketako lehen finalaurrekoan. Lagoma izan zen irabazlea eta zuzenean sailkatu da Elizondoko finalerako.

GARA | IRUÑEA

Txantreako Ama Salestarren aretoan jokatu zen atzo arratsaldean aurtengo Nafarroako Txapelketako lehen finalaurrekoa. Erika Lagoma izan zen irabazlea, hortaz, zuzenean sailkatu da Elizondon martxoaren 15ean jokatuko den finalerako. Bere atzean, Julen Zelaieta eta Xabier Terreros sailkatu ziren, baina zain egon beharko dute beste bi finalaurrekoak izan arte. Lortutako puntuazioa ondokoa izan zen: Erika Lagomak 343 puntu; Julen Zelaieta, 331; Xabier Terreros, 320,5; Bittor Elizagoien, 301,5; Oier Lakuntza, 298,5 eta Diego Riaño 295.

Bost bertsolari gazte eta beterano bat aritu ziren Nafarroako Txapelketako lehen finalaurrekoan. Bittor Elizagoien bitan izana da Nafarroako Txapeldun, baina belaunaldi berrikoek aurrea hartu zioten Txantrean. Erika Lagoma oso seguru eta kontzentratuta aritu zen saioan, erregulartasun handia erakutsi zuen finalaurreko osoan. Lagoma Txantreako bertso eskolako irakaslea da, eta bere ikasle gazteek gogoz animatu zuten irakaslearen jarduna.

Hala ere, Julen Zelaietak ez zizkion gauzak batere erraz jarri, bien arteko lehia estua izan zen saio osoan. Zelaietak bere umorea baliatu zuen entzuleen txalo asko jasotzeko, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Iturengo kanporaketatik finalaurrekora ailegatu zen Xabier Terrerosentzat izan zen hirugarren postua. Elizagoien beteranoak, berriz, laugarrenarekin konformatu behar izan zuen. Azken bi postuak Oier Lakuntza eta Diego Riañorentzat izan ziren. Txantrean elkartu ziren bertsozaleek gozatu zuten saioarekin, giro polita egon zen bertsotarako. 150 lagun inguru hurbildu ziren Txantreako Ama Salestarren aretora.

Bigarren finalaurrekoa hurrengo larunbatean jokatuko da, Lekunberrin otsailaren 23an, herriko kiroldegian, arratsaldeko 18etatik aurrera. Honako bertsolariak arituko dira: Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Julio Soto, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Xabier Legarreta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo