GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Eskatzea erraza da

Uztarri berdinean lotzeko bihurriak izan dira beti gudua eta diplomazia, bakoitzak bere aldera egiteko joera izaten duelako. Leku eta une berean topo eta talka egiten dutenean, hau da, gerran ala bakean zauden argi ez dagoenean nabaritzen da hori, gailenki. Pasa den ostiralean Iraken, demagun.

Alde batetik, diplomaziaren garaipen argi bat jazo zen, Moqtada al Sadren miliziak abuztuan emandako menia beste sei hilabetez luzatu duelako. Uste dut irakiar gehien-gehienek txalotuko zutela iragarpena... baina ez haien okupatzaile izaten jarraitzen dutenek adina. Estatubatuarren bajak lau milako marra gainditzear direnean, gatazka baretzen ari daitekeela adieraz dezakeen edozerk urrea balio du Pentagonoarentzat, eta urtearen erdialdera soldadu batzuek bederen etxeratzeko posibilitatea egiaztatzen has daiteke... errepublikarren amets elektoralen mesedetan. Esne-saltzailearen pegarra ez da oraindik hautsi.

Apustu egingo nuke, gainera, diplomatikoak ez baizik militarrak izan direla luzapen hori negoziatu dutenak. Eta tratuaren xehetasun guztiak ezagutuko balitu, estatubatuar iritzi publikoari ez litzaiokeela gustatuko haren funtsa. Baina argi dago Petraeusek Clausewitzen aburu zaharra ez ezik Clemenceaurena ere alderantziz ulertzen duela: tratuak eta hitzarmenak gauza serioegiak dira politiko eta diplomatikoen eskuetan uzteko... gerran zaudenean batik bat. Vietnamgoaren irakaspenak izango dira.

Bidenabar, apustu egingo nuke Petraeus bera izango zela Irak iparraldean turkiar armadak ostiralean bertan PPKko peshmergen aurka hasi zuen erasoarekin gehien amorratu zena. Alde batean, ederki kostata, konpontzen hasitakoa, beste saihetsetik hondatzen diolako. Mahdiren Armadarekin lortutako hitzarmenaren ifrentzua dirudi turkiarrekin gertatzen denak: Estatu Batuek eta Europar Batasunak turkiarren defentsa eskubidea (?) berresten duten bitartean, Erresuma Batuak eta Alemaniak ahalik azkarren amai dezatela erasoa exijitzen (??) diote Turkiari. Petraeusen erreakziorik ez da argitaratzen; gordinegiak izan daitezkeelako haren hitzak, agian.

Funtsean, Turkiari diplomatikoki erregutzen zaiona da PKKri bai, baina Irakeko KDP-Kurdistango Partidu Demokratikoaren indarrei ez erasotzeko, herrialde osoa sutu dezaketelako. Eta martxoaren 20ko bosgarren urteurrena baino lehen erretira daitezela, Petraeusek hainbeste kostata lortu dituen bake itxurak erabat ez uxatzeko. Eskatzea erraza da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo