GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Tokiko hauteskundeak desberdinak omen dira!

Elkartasun tinkoa agertu da hunkituak diren laborarien inguruan, sektore horrek jakin izan baitu balore hori zaintzen, interes kolektiboak askoren gainetik jartzen, benetako ikasgaia da denentzat

Frente nazionala diru arazotan murgildua dago Sarkozyk eremua jan dienetik. Ez dakite nondik heldu, hautetsi kopurua erabat hondoratu baitzaizkie. Ez litzateke berri txarra alderdi horrek hedatu zituen ideia atzerakoiak, baztertzaileak, frantses estatu buruak ez balitu bere gain hartu.

Izan ere, askotan aipatu izan den prentsaren azaletan egunero agertzeko egiten dituen ariketak aski ez balira, boterea esku bakarretan gelditua denaren kezka aski ez balitz, Gobernuaren ekintzak eta lege berriek eskuin muturrerako lerratze larrira eramaten gaitu. Bizi guztirako presondegiratzeak legezkoak egin dituzte, oso arriskutsuak diren pertsonentzat izanen omen da, gertatzen den arriskutsu epaitze hori ez dakigula zer nolako epaileren eskuetan geldituko den. Orain arte euskaldunak epaitu dituzten epaileen esku uzten bada, jende asko gerta daiteke arriskugarri! Europako konstituzioaren aurka bozkatu zela Frantzian? Minikonstituzioa idatzi eta Parlamentuan bozkarazi, hau da UMPren demokrazia. Horrez gain, aste honetan berean hamaika urteko mutikoa ama gabe gelditu dela, polizia amaren bila lantegira joan baita erretenzio eremuan sartzeko, paper egokiak ez zituelakoan frantses estatuan geldizteko. Semea Frantzian sortu denez frantsesa da, hamaika urtetan etxean bakarrik utzi dute. Horrelakoak egunero gertatzen dira eta familia osoak gordetzera eramanak dira poliziak kanporatzeko bilatzen baititu, kanporatzeko kuotak finkatu baitituzte frantses Gobernutik.

Kako laborari etxetik laboraria botatzearen salatzea legez kanpo jartzea da helburua. Aintzineko mendeetako gertakaria dirudi. Gaur egun laborari falta dago gizartean, kasu horretan, laboraria bera kanporatu nahi dute. Ezohikoa benetan! Justifikatzen zaila! Dena den, elkartasuna handia denez, beste tresna bat asmatu dute tinkotasun horren hausteko. Nola ez, epaitegia. Terroristak eta arrazistak! Gaur egun boterearen jarreren aurka kokatzen dena bestela kalifikatzen ez dakite. Eta hori errepikatuz eta errepikatuz, hedabide guztien bidez zabalduz, badirudi zoko guztietatik terroristak ateratzen ari direla. Erantzun bateratua izan da, elkartasun tinkoa agertu da hunkituak diren laborarien inguruan, sektore horrek jakin izan baitu balore hori zaintzen, interes kolektiboak askoren gainetik jartzen, benetako ikasgaia da denentzat, hain erasotuak garen honetan. Giroa ez baita seguraski hobetuko, ikusi dugu nola Lohizunen atxilotutako bi nafarrak zauritu dituzten, ausardia gero eta handiagoa ageri da poliziaren aldetik. Ez da seinale ona, indartsu sentitzen dira.

Hau guztia gertatzen ari delarik, EAJko militanteak Alliot-Marieren zerrendan kokatu dira, Allioten sostenguan, barne ministroaren laguntzeko! Vichy? Kolaboratzaileak? Kontzentrazio eremuetara jendea eramaten zituzten trenak begiratzen zituztenak? Papon? Noski ez dira garai berak eta ez dira nahasi behar, baina baditut lekukotasunak gertakari horietatik hurbiltzen direnak, Allioten ardurapean gertatzen direnak. Baina tokiko hauteskundeak omen dira. Ez omen da berdin. Hala izango da, ez dut sekulan politikan deus ulertuko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo