GARA > Idatzia > Kultura

Asier Otamendirentzat izan zen garaipena Laudioko bertso saioan

Gasteizko sailkapen fasearen ostean, hasi dira Arabako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak jokatzen. Asier Otamendirentzat izan zen lehen garaipena. Juan Mari Juaristiren ordezko joan zen Laudiora eta finalerdietarako txartela eskuratu zuen 155 puntu batuz.

p065_f01.jpg

GARA | LAUDIO

Giro goxo eta alaiarekin hasi dira aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako kanporaketak. Horietako lehena joan den larunbat gauean egin zen, Laudion, Aiarako kuadrilan.

Berrogeita hamar pertsona inguru bilduta, Basalarrina elkartean afari ederra egin ostean, bertso saioari ekin zioten Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ander Solozabal, Asier Otamendi eta Ekaitz Samaniego bertsolariek, Lierni Altuna gai jartzaileak gidatuta.

Saioa nahiko erregularra izan zen. Asier Otamendik, Juan Mari Juaristiren ordez kantatu zuenak, geratu zen aurrena, 155 punturekin, eta, beraz, zuzenean pasako da finalerdietara. Bigarren, 147 punturekin, Iñaki Viñaspre geratu zen; hirugarren, Serapio Lopez, 143 punturekin; laugarren, txapelketan lehen aldiz parte hartzen duen Ander Solozabal gaztea, 140,5 punturekin; bosgarren, Izar Mendiguren laudiarra, 137,5 punturekin; eta seigarren, azkenik, Ekaitz Samaniego, 137 punturekin.

Datorren asteburuan jokatuko dira falta diren bi kanporaketak. Otsailaren 29an, ostiralean, Lantziegoko Luis R upategian Felipe Zelaieta, Alberto Martinez, Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa, Jagoba Apaolaza eta Juan Mari Juaristi arituko dira lehian. Irati Lotinaren esanetara egongo dira.

Martxoaren 1ean, berriz, larunbatean, alegia, Aguraingo Sarayola jatetxean jarri dute hitzordua. Oihane Pera, Rikardo Gonzalez de Durana, Iker Agirre, Manex Agirre, Ruben Sanchez eta Beñat Goitia bertsolariek osatzen duten taldea Idoia Beitiaren aginduetara neurtuko da.

Bi kanporaketa horiekin osatuko dira Aramaio eta Ondategin jokatuko diren finalerdiak. Finala Gasteizen jokatuko da apirilaren 5ean.

ERREGULARRA

Laudioko saioa nahiko erregularra izan zen. Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ander Solozabal, Asier Otamendi eta Ekaitz Samaniegoren arteko neurketa izan zen larunbatekoa.

LANTZIEGON ZITA

Hurrengo hitzordua Lantziegon izango dute bertsozaleek. Datorren ostiralean, hain zuzen ere. Hurrengo egunean Agurain bilakatuko da Txapelketako egoitza nagusia, azken kanporaketak egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo