GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | TRANBIA DESAGERTU ZELA 50 URTE

Hernanik eta hernaniarrek bost hamarkada atzera egin eta oroimena astindu dute

Oroimena ondo astindua dute askok Hernani alde horretan, eta zer eta orain 50 urte desagertu zen tranbiaren aitzakian. Denbora asko pasa da ordutik, baina ikusitakoak ikusita askoren gogoan Tximist Gurdi bezala ezaguna zena ondo fresko zegoen oraindik. Atzoko ekimenari esker, ezagutu ez zutenek ere bizi-bizi gordeko dute orain.

p024_f02.jpg

Maider EIZMENDI

1958ko otsailaren 28an, gaueko 21.15 aldera egin omen zuen Hernaniko tranbiak azken ibilaldia. Txanpain eta guzti agurtu zuten, 1903an sortu eta horrenbeste urtean hernaniarrak Donostiara bueltan jarri zituen ibilgailua.

Bost hamarkada luzetan askorentzat joan-etorrirako modu bakarra izan zen, jeneroa hartu eta Donostian saltzera eramaten zuten baserritarrentzat, langile ugarirentzat, baita Hernani inguruan kokatutako sagardotegietara bertaratu nahi zutenentzat. Hamabi kilometro inguruko ibilaldia egiten zuen, Hernanitik abiatu eta Astigarraga, Martutene, Loiola eta Amara zeharkatuz, harik eta Donostiako erdigunera iritsi arte.

Horrenbeste jendek erabili eta maitatu zuen ibilgailua desagertu zela 50 urte beteko dira datorren ostegunean. Urtemuga hau gainean zegoela ikusi, eta Pili Lujanbiok zerbait egin behar zela pentsatu zuen. Kaxko auzo elkarteko kidea bera, eta gainerako elkartekideei aipatu zien ideia; guztiei ere primeran iruditu nonbait, eta azken hilabete eta asteetan buru belarri jardun dute lanean eguna prestatzen. Elkartekideen artean ez ezik, herritarren artean ere harrera ona izan du ideiak. Atzo goizean goizetik egin ziren ekitaldietan bildutako jende piloari begiratu baino ez dago horretaz jabetzeko.

Herria itxuraldatuta esnatu zen, baita herritarrak ere. Askok armairu bazterrak azken egunetan ondo astinduak dituzte, okasioari zegokion jantzia hartu eta kalera irteteko. Herriko tabernari eta dendariek ere eurena jarri zuten eta erakusleihoak garai hartako argazki eta objektuez jantzi zituzten. Denda batean gerra garaiko errazionamendu karta bat ere topa zitekeen. Askoren gogoan baino ez zeuden taberna eta dendek ere ateak zabaldu zituzten ordu batzuetarako. Bateren batek gogoan zuen, esate baterako, Azurmendi ardotegian barrara iristeko zer nolako komeriak izaten ziren. Bada tabernen erreplika egitean, komeria eta guzti egin nahi izan dute. Bateren batek zioen garai batean bezalaxe zegoela, «edalontziak uzteko zegoen apal eta kristalezko botila handi eta guzti».

Plaza Berrian berriz, Adarraga gozotegia. Bertan ari ziren lanean jo eta su Maritere Goñi eta Maritere Miner. Gustura ari ziren «horrelako egunik ez baita egunero izaten». Giroak hainbat oroimen ekarri zizkien, bai tranbiaren gainekoak, bai Adarraga gozotegiaren ingurukoak. «Oso-oso polita eta elegantea zen `te saloi' hau, eta gogoratzen dut malba zuri karamelu izugarri onak saltzen zituztela bertan», aipatu zuen Goñik. Elegante-elegante zeuden biak, zerbitzariz jantzita, eta ostatura zetozenei arreta osoz zerbitzatzen ari ziren. «Guri horrelakoak izugarri gustatzen zaizkigu, mozorrotzea, jai giroan ibiltzea... baina hau okasio berezia da tranbiarekin oroitzapen asko baititugu. Nik uste dut azkenaurreko bidaia egin nuela», gogora ekarri zuen Goñik.

Eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat goizeko hamaikak aldera izan zen. Ordu horretarako zegoen iragarrita tranbiaren irteera, eta jende mordoa bertaratuta zegoen ordurako. Logroñotik ekarri dute okasiorako txu-txu trena eta gustuz itxuraldatu du Andres Maizek, garaiko propaganda eta guzti. Hala, tranbiaren gainean Adarraga gozotegiaren edota Alfa josteko makinen iragarkiak ere jarri zituzten.

Eguneko bitxitasuna, ordea, garaiko pertsonaiez jantzitakoek jarri zuten. Trena abiatzear zegoela iritsi ziren apaiza eta mezalaguna, bidaia bedeinkatzera-edo. Aldamenean eseri zitzaien militarra, serio, guztia kontrolatu nahian. Atzean, berriz, Alde Zaharreko alkatea, Juli Ayerra, elegante, txapel eta guzti. «Nire alaba tranbia erretiratu eta zazpi egunera jaio zen eta horregatik inoiz ez dut data hori ahaztu. Gustura joaten ginen Donostiara tranbia hartan, xarma handia zeukan», zioen gustura. Bestelako detailerik ez zuten falta eta bidaiariek tranbiara igo ahal izateko garaiko txartelen erreplikak eskuratu ahal izan zituzten.

Haurrak bidaiari

Seguru asko, tranbia urrutien bizi izan dutenek agertu zuten bertan igotzeko asmorik sendoena. Haurrek gozatu ederra hartu zuten trenean igo, eta bestelako ibilgailuek ematen ez duten perspektiba ezagutzeko aukera izan baitzuten. Txistua eta kanpaia jo, eta han abiatu zen tranbia Juan de Urbieta etorbidetik behera, orain 50 urte arte egiten zuen moduan. Bidaiari guztien artean, baziren atzoko egunean zer esan ugari zutenak. Aurrealdean eserita zihoazen Manuel Borja hernaniarra eta Luis Zumeaga astigarragarra, garai bateko tranbiako langileak biak. 88 urte ditu Zumeagak, eta urte mordoskan aritu zen lanean bai gidari moduan, bai bidaiariei kobratzen. Langile eta baserritar asko ibiltzen zela nabarmendu zuen, baina haiekin batera, baita «txuriz jantzita etortzen zen jende dirudun ugari ere bai». Primerako ideia iruditu zaio jaia antolatzea, baina aldeak bilatzen hasita, orduko tranbia zabalagoa zela zioen, atzokoan ere eroso zihoala onartu arren.

Hamabiak inguruan iritsi zitzaien Luis Zumeagari eta garai hartan tranbian lan egin zuten beste lau lagunei, seguru asko, eguneko unerik gozoena. Kaxko elkartekoak tranbiak iraun zezan egindako lana ezagutu nahi izan zien guztiei, eta opari batzuk eman, aldi berean. Ekitaldia hasterako leporaino zegoen Juan de Urbieta etorbidearen hasiera. Egungo herriko alkatea eta Alde Zaharreko alkateak, Marian Beitialarrangoitiak eta Juli Ayerrak, eman zioten hasiera ekitaldiari, zinta moztuz. Txalapartariek, eta Antton Garin eta Julian Ezeiza bertsolariek hartu zuten ondoren lekukoa. Azken horiek garai bateko tranbia ondo gogoan hartu zuten bertsoak osatzerakoan: «Oso gustura, txispa batian sartzen ginan Donostian / tximist gurdia deitzen zitzaion abaila hartzen zunian». Garai batean tranbian lan egin zuten bost lagunei (Manuel Borja, Luis Zumeaga, Antonio Zapirain, Patxi Urbizu eta Joxe Astarbe) oroigarri, lore-sorta eta Juanjo Uriak egindako bertsoa duen pergamino bana eman zieten. Emozionaturik jaso zituzten opariak, eta bai bertaratutako guztien txalo zaparrada beroenak ere. Ondoren, aurreskua dantzatu ostean, Kantuz eta Ozenki abesbatzako kideak eman zioten amaiera ekitaldiari.

Ordurako, berriz ere jendea jarrita zegoen ilaran tranbian beste buelta bat egiteko, lekurik hartu ez zutenak kalean gora eta behera ibili ziren, zer ikusia eta gogoratua bai baitzegoen atzo. Bazkaria eta arratsalde erdiko txokolatearen ostean, etorri zen eguneko beste ekitaldi nagusia: dantzaldia.

Tranbia maitatua bazen, ez da gutxiago izan Ezkiaga pasealekuko dantzaldia. Urte askoan makina bat jenderen bilgune izan da, eta bikote ugari ezagutu diren lekua. Tranbiaren aitzakian oroimenari astindua ematen hasita, dantzaldian bizitako une asko berriz ere gogora ekar zitezen lortu nahi zuten auzo elkartekoek, eta garai batean egiten zenaren pareko dantzaldia antolatu zuten. Orduan bezala bikoteari gehiegi arrimatzerik ez, «txaperoa» ere tartean baitzen. Orduko trabak ere presente izan nahi izan zituzten. Horrek ere, tranbiak bezala, bere xarma baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo