Top 14
Biarritzek beste behin ere itxura kaskarra eman du
Talde lapurtarrak hasiera negargarria izan zuen, eta zazpigarren minuturako 15-0 galtzen ari zen. Ngwenya izan zen euskaldunen artean onena.
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek, berriro ere, itxura negargarria eman zuen, eta atzo astindu handi samarra hartu zuen sailkapeneko atzealdean zegoen talde baten zelaian. Egia da zuri-gorriek baja ugari zituztela, baina aitzakia horrek ez du balio, euskaldunek maila handiko jokalariak baitituzte, eta aurten oso gutxitan eman dute beraiei dagokien maila.
Zuri-gorriek hasiera oso txarra izan zuten, eta hortik joan zitzaien partida, gero oso zaila izaten baita horri buelta ematea. Etxekoek lehen minutuan bertan egin zuten lehen entsegua, eta laugarrenean jada bigarrena. Horrek erakusten du gauzak nola zeuden. Eskerrak bi entseguetatik bakarra transformatu zutela. Zazpigarren minutuan, ordea, drop bat egin zuten, eta 15-0 aurretik zeuden.
Orduantxe esnatu nahi izan zuten zuri-gorriek, eta hamargarren minutuan Ngwenyak lehen entsegua egin zuen. Euskaldunen artean emandako maila kaskarretik inor libratu baldin badaiteke, hori estatubatuarra izan zen, berak egin baitzituen hiru entseguak.
Bazirudien entsegu horrek apur bat lagunduko ziela aurrera egin eta markagailua murrizten jarraitzeko, baina ezer gutxi egin zuten lehen zati honetan, eta gainera, beste bi zigor-kolpe jaso zituztenez, 21-5, atzetik, joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian ere ezer gutxi eskaini zuen talde euskaldunak, eta Bourgionek mendean hartuak zituen: transformatutako beste bi entsegu egin zuten, eta erasoko puntu gehigarria lortu.
Biarrritzek ezer gutxi eskaini zuen, agian lehen zatian baino zertxobait gehiago, baina honelako talde batek eman behar duena, ez behintzat. Eskerrak Ngwenyaren abiadurari; beste bi entsegu egin baitzituen berak, eta azkeneko minutuetan ere ahalegindu zen beste laugarren bat lortzen, gutxienez, erasoko puntua lortzeko, baina hori ere ez zen posible izan.
Amaieran, berriro ere itxura tristea eskaini zuen Biarritzek. Lanean jarraitzea besterik ez zaio geratzen finalerdietan sartu nahi baldin badu.
Atzo galdu arren, Biarritzek sailkapeneko laugarren postuan jarraituko du, atzoko partida hasi aurretik zuen aldeak hori segurtatzen baitzion, baina atzoko porrotaren ostean, atzetik datozenak ere asko gerturatu zaizkio. Une honetan bosgarren postuan Aviron dago, eta hiru puntutara jarri zaizkio.
Beraz, une honetan laugarren postu horretarako lehia bi talde euskaldunen artean dago. Zuri-gorriak hor egon beharko lukete, baina oso denboraldi kaskarra ari dira egiten. Zuri-urdinak, aldiz, mailari eusteko asmotan abiatu ziren, baina denboraldi bikaina egiten ari dira, eta hortxe sartu dira.