GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Txapelak Euskal Herria utzi eta Kubara bidea hartu du

Orain arte jokatu diren final guztiak euskaldun batek irabazi zituen, baina Waltarik aldatu du hori

p059_f01_ona.jpg

EZKURRA II 22

WALTARI 40

Jon LEUNDA | BAIONA

Txapelak Euskal Herria utzi eta Kubarako bidea egin zuen atzo arratsaldean, Waltarik ongi merezita jantzi baitzuen txapela, Paxkal Ezkurra, atzo arte txapelduna zena, erabat menderatu ostean. Atzokoarekin, Euskalduna ez den batek lehen aldiz irabazi du Buruz Burukoa.

Urruñakoa oso ongi hasi zen. Ongi sakatuz, eta aurkaria menderatuz, eta 8-1 aitzineratu zen. Une horretan ez zuen ematen gero gertatuko zena, baina hortik aitzinera hasi zen Waltari jokoan sartzen.

Kubatarra sakearekin asmatzen hasi zen, eta hor min handia egin zion Paxkali. Lehenengo, 12-12 parekatu zuen neurketa, eta hortik aitzina, beti aurretik izan zen markagailuan. 15-15 parekatuta egon ziren, eta berriro ere aldea egin zuen kubatarrak, nahiz eta lapurtarra kintze batetara hurbildu zitzaion, 17-18. Hortxe amaitu zen finala, ordea, Waltarik hamasei kintze egin zituen segidan, eta saketik sekulako mina egin zion Paxkali. Urruñakoa erabat galdu zen, eta finalak ia ihes egin zion, 17-34 jarri baitzen markagailua amerikarraren alde.

Ezkurra ez da etsitzen duen horietakoa, eta zaleek itxaropen apur bat bazuten, baina berehala ikusi zen txapelak lehen aldiz Euskal Herritik ihes egingo zuela, eta amaieran Waltarik merezimendu osoz irabazi zuen.

Finala tristea izan zen. Hasiera itxaropentsua izan bazuen ere, jarraipena kaskarra izan zuen. Paxkal Ezkurrak ez zuen berak duen maila eman, ezta gutxiago ere, eta Waltarik, aldiz, eroso jokatu zuen. Berak ere ez zuen uste horrela joango zenik partida, baina nahi bezala joan zen berarentzat. Oren erdi bat eta amaituta zegoen. Horrek dena esaten du, aspaldian ez baita horren final laburrik jokatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo