Adierazpenak
Waltari: «Nire bizitzan izan dudan unerik ederrenetakoa da hau»
J.L. | BAIONA
Agusti Waltari gizon zoriontsua zen atzo. Txapela buruan eta garaikurra eskuetan zuela, zaleen zorionak jasoz, aritu zen hizketan.
«Nire bizitzako unerik ederrenetakoa da. Bakarka jokatzea da niri gehien gustatzen zaidana, eta txapela jantzi dut», esan zuen. «Euskalduna ez den batek irabazi duen lehen aldia da hau, eta Kubak ere badu pilotari profesional txapeldun bat», erantsi zuen.
Izan ere, une gozo horietan, bere herrialdea izan zuen oroitzapenean: «Ni Kubakoa naiz, eta nire herrialdea asko maite dut, eta egunen batean berriro ere han ikusiko nautela uste dut. Han dut nire famili osoa, eta denak nire emaitzen zain daude, eta gaur denak urduri zeuden, baina orain esango diet zer gertatu den», adierazi zuen.
Finalari buruz, hauxe esan zuen: «Egia esan, uste baino azkarrago joan da. Paxkal pilotari handia da, ez nuen uste horren erraz irabaziko nuenik, baina nik nahi bezala joan da finala», onartu zuen.
Triste eta haserre
Paxkal Ezkurraren aurpegia, bestelakoa zen, tristura eta amorrua, biak batzen baizitzaizkion: «Haserre nago, ez baitut nire partida egin. Ongi hasi naiz, baino gero oso gaizki jokatu dut. Kintzeen ia erdiak botetik egin dizkit, eta horrela ezin da ezer irabazi. Berak merezita irabazi du», esan zuen.
Ongi hasi arren, Waltarik gaina hartu zuela onartu zuen: «Ongi hasi naiz, baina gero Waltarik bere pilota atera du, eta saketik sekulako mina egin dit». Pilotekin, berriz, ez zegoen oso gustura: «Trinkete hau berez oso azkarra eta bizia da, eta pilotak ez ziren hemen jokatzekoak. Oso biziak ziren, eta ikusi besterik ez dago zenbat sake sartu ditugun bien artean, ia tantoen erdiak, eta horrek dena esaten du. Hala ere, garbi esan nahi dut, Waltarik merezita irabazi duela. Gehiago izan da», onartu zuen.