GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Klub malapartatuak

Orain klub bereko partaideak dira, klub hits eta tragikoa, eta konturatzen dira bizitza bi zatitan banatzen dela, kluba existitzen zenik ez zekiten garaia, eta klubaren kideko izateak denbora gehien hartzen dien garai berria

Norberari egokitu arte ez dago jakiterik. Eta hurbiletik ezagutzen duzunean, ez duzu hitzez transmititzerik.

Klub berri baten partaide izatera pasatzen zara, eta orduan beteranoek jakinaren gainean jartzen dute heldu berria: hau honela da, eta bestea hala; hauxe egin, eta beste hori ekidin; edozelan ere, ez etsi, ez eman amore, ez egin atzera, hemen edukiko gaituzu gu, eutsi, esaten diote neofitoari.

Klub mota asko dago non inork ez duen kide izan nahi, baina badira. Kidetasuna aukeratu ez badute ere, erkideak dira, izan. Seme-alabek gaixotasun berezi bera dutelako; senideak erresidentzian arazo berberekin daudelako; etxeko norbait ere espetxean dutelako; bikotekidea kolpeka mintzatzen zitzaielako; menpekotasuna gainditu ezin dutelako; istripu larri berberean kaltetuak izan zirelako; gatazka berak basatiki jo dituelako; buruak une batean krak egin zuelako; banaketaren ondorioz seme-alabak galdu dituztelako; maite-maitea zendu zaielako. Ezbeharrak batu ditu, ezusteak, ezespenak, ezgiroak, etsipenak.

Orain klub bereko partaideak dira, klub hits eta tragikoa, eta konturatzen dira bizitza bi zatitan banatzen dela, kluba existitzen zenik ez zekiten garaia, eta klubaren kideko izateak denbora gehien hartzen dien garai berria.

Zeren, taldekide izan nahi ez bazuten ere, orain taldearen zereginak denbora handia hartzen die astearen buruan, egunez egun.

Gogoratu ere ezin dute gogoratu zertan ematen zuten lehen denbora hori guztia, klubaren kofradeak ez ziren garaietan.

Ezustea gertatu zenean hutsunerik hutsena sumatu zuten oinpean, lurraren mugak urrundu izan balira bezala. Airean baileuden sentitu ziren, lur sendorik gabe oinarrian, nora eutsi ez zekitela. Erreferente ezagunak desagertu ziren, ezerk ez zuen zentzu bera, neurtzeko gailua aldatua zuten eta dena iruditzen zitzaien erlatiboa. Aurretik handia zena txikitu egin zen; eta txikikeriak tamaina ikaragarria hartu zuen tupustean.

Euskarri berriei ekin behar izan zieten, nondik hasi jakin gabe. Eta kluba etorri zitzaien salbatzera, lagunkoi, klubeko kideek baino hobeto inork ezin baitu ulertu nola ari diren sentitzen orain, une bera jasan dezakeenak soilik imajina lezake; eta, ezta horrek ere, jakin ez baitakigu noraino sar daitezken bakoitzaren baitan minaren gezia, tristuraren hezea, amorruaren sua. Inork ere ez. Ezta antzeko esperientzia ezagutu duenak ere. Nork berea bizi du, inori ezin dio transmititu; ez hitzez ez malkoz.

Gaur, urte batzuk iragan ondoren, lur berria dute oinpean. Beste lur bat, beste erreferente batzuk, beste bidaide batzuk bizimodu berrian. Eremu hilean bizitzen ikasi dute, tragediarekin batera. Konturatzen dira jende miresgarria ezagutu dutela ezbeharrarri esker, eta elkarrengandik ikasi dutela ibilbide latzean. Ohartu dira adiskidetasunak merezi duela, areago beren egoeran. Barre egin dezaketela ikusi dute, poza sakonagoa dela, sakon-sakona delako oinazea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo