GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Aratz Gallastegi Sodupe Errugbilari ohia

Mugak sendotuz

Euskal Herriko kirolariak erabat baldintzatzen dituen errealitate hau aldatzeko federazio nazionalak eratzea beste biderik ez dago

Bi hilabete pasatu dira Gabonetako futbol partidak sortutako ika-mika haietatik, baina Euskal Herriko kirolaren egoerak berdin-berdin edo okerrago jarraitzen du. Zalaparta haren oihartzuna isildu ondoren, egunerokotasunak errealitatera bueltatu gaitu, euskal herritarrak Euskal Herrian arrotz izateraino.

Gabonetako partida folklorismo hutsa bihurtzea ekiditeko ahaleginean, futbolariek zentzuz beteriko eskaerak egin zizkioten Euskadiko Autonomia Erkidegoko Futbol Federazioari. Eskaera horietako bat Euskadiko Selekzioa izenaren ordez Euskal Herriko Selekzioa hartzea zen. Arrazoirik ez dute falta futbolariek, izan ere, aipatutako selekzioa Euskal Herri osotik deitutako futbolariez hornitzen baldin bada, izana ordezkatuko duen izena beharko luke. Kasu honetan, eta Gabonetakoak lagun arteko partidak direla kontuan izanik, EAEko Futbol Federazioak Euskal Herriko barne mugak gaindituz, EAEz kanpoko jokalariak deialdian sartu eta izena aldatzea onetsi zuen. Oraingoz bai behintzat.

Otsaileko bigarren asteburuan Nerea Abrego eta Raul Amatriain atletak arrotz sentiarazi dituzte Euskal Herrian. EAEko Atletismo Federazioak Euskal Herriko barne mugak sendotuz, atleta biak podiumetik kanpo utzi zituen nafarrak izateagatik. Garaikur moduan Euskal Herriaren forma duen eta Euskadi eta Euskal Herriko Kros Laburraren Txapelketa deiturikoan, izena zein garaikurra eta izana ez datoz bat.

Euskal kirolariek eta herritarrok gure herriak dituen barne mugak pairatzen ditugu une oro. EAEko kirol federazio gehienek muga horiek ondo markatu eta sendotzeko lanean dihardute, eta ez dute euren autonomia gainditzeko inolako borondaterik. Barne muga horiek gainditzen dituztela adierazteko nahikoa dute noizbehinka kutsu folklorikoa duen edozelako ekimen antolatzea. Baina horrek ez du eguneroko errealitatea aldatzen, hain zuzen, EAEko kirol federazio gehienek Euskal Herriaren zatiketa gainditzeko borondaterik ez dutela eta barne mugak sendotzeko tresna paregabeak direla.

Euskal Herriko kirolariak erabat baldintzatzen dituen errealitate hau aldatzeko Euskal Herriko federazio nazionalak eratzea beste biderik ez dago. EAEko kirol federazioek ez dute horretarako asmorik erakutsi, eta nahiago dute Euskal Herriko barne mugak sendotuz Espainiako autonomia erkidego bateko kirol federazioak kudeatu. Horretaz gain, euren kontrolpean ez dauden zenbait ekimen zapuzten aritu dira azken urteotan.

Zorionez, Euskal Herriko barne mugak apurtzeko ahaleginean dauden kirolari eta herritar zintzoak badaude. Kirolean muga horiek apurtu eta federazio nazionalak sortzeko hamaika ekimen bideratu daitezke: ikastolen arteko Euskal Herriko txapelketak, kluben arteko Euskal Herriko txapelketak, Euskal Herriko kluben arteko elkar laguntzak (jakintza, azpiegitura...), kirol epaileen Euskal Herriko elkarteak, etab. Ekimen hauek ez ditugu egun batetik bestera sortuko eta, jakina, horrek ez du esan nahi klub eta elkarteek gaur egunean lehiatzen diren txapelketei muzin egin behar dietenik. Baina kirolean Euskal Herriko barne mugak gainditu eta Euskal Herriko federazio nazionalak sortzeko eman ditzakegun pauso zintzoak dira. Kirol elkarteak, ikastetxeak, federazioak eta abar osatzen ditugun pertsonek, ekimen hauek gorpuzten ditugun heinean, Euskal Herriko barne mugak apurtzeaz gain, Euskal Herriko federazio nazionalak sortzeko beharra areagotuko dugu.

Kirolean ere Euskal Herriko barne mugak sendotzeko ahaleginak salatu eta muga horiek apurtzeko ekimenak egin behar ditugu. Duela bi hilabete Bilboko kaleetan ikusi genuen bezala, babesik ez zaigu faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo