«Zutikako enborretan aldetxoa ateratzen saiatu beharra daukagu»
Anjel Arrospidek, Iñaki Aierbe lagun duela, Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatuko du etzi gauean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Donato Larretxearen eta Aitzol Atutxaren aurka. Laburukoa ilusioz gainezka dago, bai Aierbe baita bere burua ere ongi ikusten dituelako, hortaz, final estua iragarri du.
Jon LEUNDA |
Anjel Arrospide txapelketa ofizialetan aritzen ez baldin bada ere, gainerako lehiaketetan goi mailako aizkolaria izaten jarraitzen duela eta egungo onenetakoa dela argi eta garbi utzi du. Etzi, Azpeitian izango da, Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatzen.
Berriro ere final batean izateak ilusioa egingo du, ezta?
Bai, dudarik gabe. Sasoiko zarenean ere ez da erraza izaten, eta adina aurrerra joan ahala, are zailagoa da, baina aurten lortu dut, eta sekulako ilusioa egin dit.
Zubiagarekin hasi zinen, baina Aierberekin amaituko duzu. Zer moduz moldatu zara haiekin?
Ongi. Zubiagarekin hasi nintzen, baina hark min hartu zuen, eta Aierberekin jarraitu dut. Zubiagarekin arazoa bakarra zen. Biok elkarrengandik urruti bizi gara; entrenamenduak batera egiteko kilometro asko egin behar ziren, eta horrek ez dizu animo handirik ematen. Aierbe gertukoa dut, beraz, alde horretatik hobeto gabiltza.
Finalean Larretxea eta Atutxa izango dituzue. Nola ikusten dituzu?
Oso ongi. Bikote oso indartsua da. Denok dakigu Larretxea nolakoa den, eta Atutxak ederki laguntzen dio. Mutil handia da, kolpe handikoa, eta elkarrekin oso ongi moldatzen dira. Finalerdietan ikusi nituen, eta oso indartsu daudela iruditu zitzaidan. Final zaila izango dugu
Finala txanda libreko azkeneko saioa baino lehen erabakitzea oso zaila izango da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Hala ere, uste dut Larretxearentzat eta Atutxarentzat azkeneko saio hori oso aproposa dela, beraz, ez da erraza izango hor aurrea hartzea. Dena dela, uste dut amaieran erabakiko dela, baina hor alde handia dago azkeneko lanean aurretik hasi edo atzetik hasi.
Zutikako enborretan maisua izan zara zu. Finalean oso handiak ere izango dira. Hor aldea ateratzeko itxaropenik baduzue?
Hori da gure asmoetako bat. Ni ongi moldatzen naiz zutik, baita Aierbe ere. Bion artean lan ona egiteko asmoa dugu, eta zutikakoetan aldetxoa lortzeko itxaropena badugu. Hala ere ez dugu lan errazik izango.
Finala parekatua ikusten duzu, beraz?
Bai, beraiek bikote oso sendoa osatzen dute, eta lan ezberdinak direnez, beraientzat oso aproposak dira. Geu ere ongi gaude, eta finala jokatzera ilusioz beterik joango gara. Saio bakarrean edozer gerta daiteke, hortaz, itxaropentsu joango gara.
Beti esan izan da, finaletan beti aizkolari beteranoak sartzen zaretela, baina, oraingoan, Atutxa sartu da, 19 urteko gaztea. Hori berri ona da, ez al da hala?
Bai, oso ona esango nuke. Iaz Bizkaiko bi txapelak irabazi zituen, baita Bizkaiko Irekia ere, eta hemen ere finalean da. Ez dut uste hori kasualitatea denik, nahiz eta Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan huts egin zuen. Jendeak itxaropen handiak ditu berarengan, baina oraindik denbora utzi behar zaio. Kolpe handia dauka, baina oraindik asko dauka ikasteko.