GARA > Idatzia > Kultura

«Liburuak tresna berria eman dio Ipar Euskal Herriko abertzaletasunari»

p049_01_.jpg

Hartzea Lopez Arana | Gatuzain Ipar euskal herriko argitaletxe militantearen kidea

Hartzea Lopez Arana aspaldiko abertzalea da, eta Gatuzain Ipar Euskal Herriko argitaletxearen kide aktiboa da sorreratik. Hamar urte bete ditu Gatuzainek aste honetan, eta hasieratik bertan lanean aritu izan da Arana.

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Gatuzainek Ipar Euskal Herriko abertzaletasunari tresna berri bat ekarri diola uste du Aranak. Liburuak, usaian hunkitzen ez den publikoa hunkitzeko aukera eman diola ere uste du.

Hamar urte dira Gatuzain sortu zenetik. Gibelera begiratzean, zerekin gelditzen zara?

1998ko udaberrian, argitaletxea sortu genuelarik, bagenituen hiruzpalau helburu. Horietarik bat, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen historia, gogoetak, aldarrikapenak liburuen bidez jakinaratzea eta zabaltzea zen. Hamar urte igaro direlarik, erran nezake helburu hori bete dugula. Guk atera ditugun liburu anitz kezka eta gai horien inguruan kokatzen dira: ELBren historia, Demoak, IK erakundearena, mugimendu abertzalearen historia ere bai... Abertzaletasunari tresna berri bat eman diogu, liburuarena.

Gatuzain argitaletxe militantea da, besteekin alderatuz gero berezia. Nola txertatu zarete Ipar Euskal Herriko panoraman?

Gu hasi ginelarik, kolektibo desberdinetako partaideen artean argitaletxea eratzeko urratsak eman genituen. Argitaletxe dinamikak beste lan mota batean aritzeko aukera eman zigun. Gure jardueretan, anitzetan aktualitateari erantzuten diogu eta argitaletxeak memoria lantzeko, pentsamendua zorrozteko parada eskaintzen du. Baina gure ezaugarri nagusia, beti ere praktika militantearena da, denak bolondresak gara. Egun, Euskal Herriko argitaletxe anitzek enpresa profesionalek bezala lan egiten dute. Guk beste dinamika bat izatea hautatu genuen. Argitaletxea ez da enpresa bat, elkarte bat baizik. Hemengo argitaletxeen panora- man beste erreferentzia bat bilakatu gara. Bi argitaletxe mota dira Ipar Euskal Herrian; euskal izaera batere kontuan hartzen ez dutenak, eta Euskal Herriaren inguruko gaiak erregionalismoaren eta folklorismoaren inguruan lantzen dituztenak, ondoan beste mezu bat hedatu nahi dugunok gaude. Liburu batzuen bidez euskalduna ez den publiko batengana ere hurbildu gara.

Zabaltasun hori nazioarteko gaien inguruan egiten duzuen lanean ikus daiteke. Palestina edo Irlanda bezalako gaiak ere landu dituzue.

Nazioartearena hasieratik geneukan helburu bat zen. Euskal Herrian usu kanpotik etortzen denari jaramon txikia egiten diogu. Hemengo jendeari kanpoko autoreak eta arazoak, borrokak ezagutarazi nahi genizkion. Beste kontinenteetako mugimenduak, iritziak...

Eta kontrakoa? Euskal Herriko borrokak kanpoan ezagutarazteko bidean zertan zaudete?

Hurrengo hamar urteetarako lan handi bat dugu aurrean. Herri frankofonoetan Euskal Herriari buruzko liburuak ezagutarazi nahi ditugu orain. Sare batzuk eginak dira, liburu batzuek Frantzian badute arrakasta. Baina, ezagutza eza handia nabari da atzerrian, eta abertzaletasunaren irudi okerra nabaritu izan dugu sarri: nazionalismo zaharren irudia. Guk abertzaletasunak berekin dituen aldarrikapen sozialak ezagutarazi nahi ditugu, gure borrokak osotasunean zabaltzeko.

Ibilmoldeari buruz, nolako funtzionamendua duzue?

Harpidedun sistema bat abiatu dugu. Harpidedun bakoitzak urtean gure lau liburu prezio berezian erosteko konpromezua hartzen du. Harpidetzen kontua oso garrantzitsua da guretzat harreman zuzena sortzen duelako gurekiko. Harpidedunek haien iritziak transmititzen dizkigute. Horrela, azkenaldian literatura gehiago eskatu digute, saiakera edo liburu militante asko atera genituelako, eta eskaera erantzuten saiatzen gara. Egun 150 harpidedun ditugu eta helburua, 10. urteurrenean 300 harpidedunera iristea da.

Literatura sartzean, argitaletxe militante bat zareten heinean, ba al duzue irizpide berezirik, autoreari, estiloari begira...?

Ipar Euskal Herrian euskaraz idatzitako literatura publikatzea oso zaila da. Idazle gutxi da, eta zaila da liburuak topatzea. Kasu horretan korrontearen aurka joaten saiatzen gara, idazle berriak topatzeko, autoreak animatzeko... Lan taldearen artean liburua gustukoa izatea da irizpide nagusia.

Hego Euskal Herriarekiko zein da zuen jarrera?

Gure lan eremu naturala Ipar Euskal Herria da. Ez dugu lan ildo berezirik Hego Euskal Herriari dagokionez. Halere, Hego Euskal Herrira jotzen dugunean, Ipar Euskal Herriko gaiak ezagutarazteko asmoz jotzen dugu. IK erakundearen historiaren inguruko lanak erakutsi du bazela jakinmina erakundearen inguruan. Durangoko azokan sal- menta onak lortu genituen, eta erosle gehienak gazteak ziren.

 

publiko berria

«Gatuzainekin lehen hunkitzen ez genuen publiko berri bat hunkitu dugu, eta abertzaletasuna ezagutarazi dugu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo