Gaztetxeak eta bizitza anitzeko arrainak
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Bizirik dauden arrainek soilik egiten dute igeri korrontearen aurka. Nelson Mandelak esaten zuen borroka zela bere bizitza eta, egia esan, gizartek daraman norabidea ikusita ez dirudi beste aukera askorik dagoenik. Joan den astean, agintariak (indarra legez erabil dezaketen horiek), urtebete bizirik zeraman Zazpi Katu gaztetxea ixten saiatu ziren. Polizia espainol autonomikoak, udal poliziak (polizia «osoa» izateko merituak egiten?), epaitegiak eta udal agintariek bat egin zuten etsai arriskutsuaren aurka. Hedabide «ofizialek», berriz, ez zuten ia-ia informaziorik zabaldu. Albiste «garrantzitsuagoak» izango zituzten. Zorionez, gaztetxea indarrez itxi eta gutxira zabaldu zuten berriro.
Gaztetxeak gazteak elkartu eta gauzak antolatzeko espazioak dira; kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, tailerrak, ikastaroak eta abar. Musikazaleak garenontzat, ezinbesteko erreferentzia dira. Hartzaile moduan, beste inon topatuko ez dugun eskaintza dutelako, baina, bereziki, emaile bezala, egiten ditugunak erakusteko aukera aparta eskaintzen dutelako. Ez dituzte azkenaldian perretxikoak bezala zabaltzen ari diren areto ofizial ponpoxo horien baliabide teknikoak izango (ezta ekonomikoak ere), baina gaztetxeetako jendearen berotasunak eta abegikortasunak ez du parekorik.
Musikazaleak zorretan gaude gaztetxeekin eta, era berean, behartuta gaude haien alde egitera. Baina ez soilik musikazaleak. Gaztetxeek gazteen eta musikazaleen eremua gainditzen dute. Gizartea ulertzeko modua dira. Gune askeak dira, diruaren (i)logikatik at eta proposamenei irekiak. Egun bizi dugun gizartean oasiak dira, etengabe erein, landu eta hobetu beharreko oasiak. Zertan ari gara? Gazteak taberna eta dantzaleku pribatuetan pilatu nahi ditugu, ala? Koadrila itxietan, alokairuko garajeetan play stationean jolasten nahi ditugu? Uneoro zer egin daitekeen (behar den) esaten duten hezitzaile adituen menpe nahi ditugu? Enpresa handiek, enpresa handien interesean antolatutako musika jaialdi handietako eremu itxi handietan pilatuta nahi ditugu, ala? Gazteek, eta ez horren gazteek, elkartzeko, antolatzeko, esperimentatzeko, ikasteko eta hanka sartzeko espazioak behar ditugu. Independente eta autogestionatuak. Artzainen zaintzarik behar izan gabe. Horregatik (eta gehiagogatik) elkartasuna erakutsi behar diegu (beste behin ere) eremu askeen alde lanean ari direnei. Korronteak ez du etenik.