Disko Berriak Aritz Sound System
Ska eta soul freskoa belarrientzat
Ska musikaren berpiztea gertatu zen Ingalaterran 80ko hamarkadan. Jamaikako etorkinek bi hamarkada lehenago Karibeko uhartean sukarra eragiten zuten doinu bizkor eta dantzagarriak ingeles gazte zurien artean zabaldu zituzten eta, perretxikoak bezala, ska oinarria zuten taldeak sortu ziren. The Specials, The Madness, The Beat, The Trojans, The Selecters, etab. Iraultza musikala ekarri zuten Europara. Two Tone garaia deitu zuten eta ska doinuek, punk eta pop ukituekin elkartuta, arrakasta itzela lortu zuten.
Europako hainbat herrialdeetara zabaldu zen sukarra, eta Euskal Herrian Kortatu bezalako taldeak gaixotu zituen. Urteak pasatu ahala sukarrak behera egin zuen, nahiz eta tarteka beroaldiak sumatzen diren. Azken urteotan, beroaldi horretatik sortutako talde interesgarrienetakoa Pama International izenekoa da. Loafers eta Special Beat taldeetako kideek sortua, lehenengo diskoa 2002. urtean kaleratu zuten; autoekoizpena zen eta baliabide gutxirekin egina, baina Steel Pulse, Galliano, Pop Will Eat Itself, Bentley Rhythm Ace, Style Council, Big Boss Man edo Intensified eta Topcats taldeetakoen laguntzaz egina (sinestea ere!). Orain aurkeztu duten diskoan ere luxuzko kolaboratzaileak aurkituko ditugu -Rico Rodrigez, Sir Horace Panter (Specials), Paul Heskett (Swinging Cats), Stephen Marli Wright (Lee Perry band) eta Michie One abeslaria, besteak beste-. Ska, dub, pop eta soul freskoa belarrientzat