GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | euskal unibertsitatea errealitate bilakatuz

Herri honen geroa bermatuko duen ikasle belaunaldia iristear da

Edozein herrik bere premia kolektibo zein indibidualak asetzeko ezinbestekoa du unibertsitatea. Gurean behar hori are larriagoa da, gure herriaren biziraupena eta garapena kinka larrian baitago. Orain ordea, etorkizunari so jarri eta Euskal Unibertsitatea begi bistan ikus dezakegu. Ezina zirudiena, ekinaren ekinez, egina.

p017_f01_111x111.jpg

Oihana LLORENTE

Euskaldunen unibertsitate eleanitza; Euskararen hizkuntza-komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea; Gizartearen parte-hartzearen sustatzailea, herriaren zerbitzura dagoena eta demokratikoa; Euskal Herriaren eraketa soziopolitikorako lagungarria eta Europako unibertsitate-esparruan homologagarria. Horiexek izango dira jaiotzear den Euskal Unibertsitatearen izana eta izaera definituko duten ezaugarriak.

Unibertsitate nazionala sortzeko lokomotora abian da eta ondo bidean 2010-2011 ikasturtean martxan egon daitekeela iragarri zuten atzo, Euskal Unibertsitatearen sozializaziorako elkarlanak antolatutako lehen aurkezpen saioan.

EHUk Donostian duen egoitzan bildutako ikasle zein irakasleek arreta eta jakinmin handiz jarraitu zuten hitzaldia. EHBEko eledun Edurne Larrañagak egin zituen aurkezpen lanak, Joxan Oizek, Euskal Unibertsitateko Talde Sustatzaileko kideak eta Eneko Compainsek, Nazio Eztabaidaguneko kideak ordea, unibertsitate nazionalaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Kokalekua ere ebatzia dutela jakinarazi zuten; are gehiago, bi kokagune lotuak omen daude Euskal Unibertsiatearen Campusak izango direnak eraiki ahal izateko, hori bai isilpean gorde zituzten leku horiek, entzuleen amorrurako.

Oizek luze eta zabal azaldu zuen Euskal Unibertsitatearen aurreproiektua, atal juridikoan, ekonomikoan, akademikoan eta sozialean sakonduz.

Euskal Unibertsitatea juridikoki fundazioa izanen dela esan zuen, are gehiago, egun fundazio hori sortzeko prest diren zazpi erakunderen babesa badutela ere azaldu zuten. Unibertsitatearen egoitza soziala EAEn kokatuko dutela eman zuten ezagutzera. Hala, Gasteizko Parlamentuaren oniritzia eskuratzea ezinbestekoa dutela ikusita, datorren astetik aurrera alderdi politikoengana joko dutela ere nabarmendu zuten; hala ere, babes politiko horren bila Euskal Herri osoan barna arituko direla azaldu zuten.

Arlo ekonomikoaren inguruan egindako hamarka ikerketek unibertsitatearen proiektua ekonomikoki ere bideragarria dela frogatzen dutela adierazi zuten.

Euskal Unibertsitateak garatu litzakeen hainbat titulazio ere aurkeztu ziren atzoko ekitaldian; dena den, zein ikasketa eskainiko diren oraindik ere erabat zehaztuta ez dagoela nabarmendu zuten. Hori bai, gutxienez zortzi titulazio eduki beharko ditu, hori baita unibertsitate izaera eduki ahal izateko eskaini beharreko minimoa. Titulazioez haratago, irakaskuntza telematikoa indartzen ahaleginduko direla, irakaskuntza eta ikerkuntza uztartuko dituen unibertsitatea eta pedagogikoki zein didaktikoki aurrerakoia izanen dela argitu zuten.

Herri izaera

Unibertsitatea edozein herriren garapen kultural, ekonomiko, sozial, teknologiko zein pedagogikorako oinarrizko ardatza dela gogoratu zuen Compainsek. Horiek horrela, sortzear dagoen Euskal Unibertsitateak herri honen garapena eta biziraupena xede izan behar duela adierazi eta hortaz herri honek dituen beharrak asetzeko funtzioa eskaini zion unibertsitateari.

Euskal Unibertsitatearen herri izaera ere aldarrikatu zuen Compainsek, eta sortze prozesu honetan herritar zein eragile andanaren iritziak aintzat hartu direla gogoratu zuen.

Lan mardula egin da orain artean, Euskal Unibertsitatea aldarrikapen izatetik errealitate hurbila bilakatu arte. Orain ordea, zailena etorriko dela iragarri dute eta bidean aurkituko dituzten oztopoei aurre egiteko Euskal Unibertsitatearen aldeko dinamika soziala ezinbestekoa dela adierazi zuten.

EHBE eta Sustapen Taldea batu eta Euskal Unibertsitatearen sozializaziorako Elkarlana antolatu dute, unibertsitate nazionalaren nondik norakoak kaleratzeko. Atzo izan zuten lehendabiziko hitzordua eta gaur NUPen egonen dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo