GARA > Idatzia > Pilota

Itzulera

Berasaluze IX: «Defentsan beldurrez nabil oraindik»

Berrizko aurrelaria aurreko astelehenean itzuli zen kantxetara hiru hilabeteko lesioaren ondoren

p045_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Hiru hilabete frontoietatik kanpo egin ostean, aurreko astelehenean itzuli zen Tolosan Asier Berasaluze aurrelari bizkaitarra. Eskuin besoan zuntz-haustura izan zuen Berrizkoak iazko Lau eta Erdiko Txapelketan, Imanol Agirreren aurka Azkoitian jokatzen ari zela, eta handik hilabetera berriz jokatzen hasi zen arren, jokatu zuen bigarren partidan -azaroaren 11n Eibarren- lesioa berritu egin zitzaion. Hilabete horiek oso luzeak egin zaizkiola onartu digu, baina astelehenean Beotibarren erakutsitako mailarekin nahiko pozik geratu zela.

«Minik ez daukat batere. Hori bai, beldurrez nabil oraindik, batez ere defentsan eta pilota goitik jotzen dudanean. Bestela, pozik geratu nintzen. Gogotik entrenatu naiz, eta partida bat jokatzea ezberdina den arren, kantxan ongi ibili nintzen. Huts bakarra defentsan izan nuen, beldurrez ibili nintzelako», dio aurrelariak pentsakor.

Berasaluze IX.aren kasuan ere, pilotan azkenaldian dezente errepikatzen ari den moduan, ezaugarri nagusia jokatzen hasi ondoren lesioa berritzea izan da: «Aurreneko lesiotik bost edo sei aste pasatuta bueltatu nintzen. Orduan ere ongi nengoen, minik ez neukan, baina berriz ere lesionatu. Bigarrenean beldur gehixeagoz ari zara, eta astiro joan gara. Dena ongi irtetea nahi duzu, eta apurka-apurka joan gara, pixka bat luzatu egin da itzulera, baina mesedegarria ere izango da denbora hori. Eta bigarren aldia denez, beldur gehixeago daukat pilota jotzeko, eta kentzea ere gehiago kostatuko zait».

Frontoia alboan eta...

Berasaluzek onartu digunez, geldi egon beharreko denbora ez da batere samurra izan. «Aurreneko lesioa nahiko ongi eraman nuen, denbora gutxiago zelako. Txarrena, lehenengo hamabost egunak izaten dira, ez baitago ezer egiterik, eta, gainera, frontoia etxe alboan daukat. Lagunak entrenatzen ikusi, eta norberak ezin ezertxo ere egin. Baina hori ere denborarekin pasatzen da eta entrenatzen hasi orduko errazagoa da». Kontuan izan behar da, gainera, bere kirol-bizitzan izan duen lehen lesio larria dela.

Itzuleran galtzea tokatu zitzaion Berasaluzeri -22 eta 17 Retegi gaztea eta Argoteren kontra-, baina porrotak min handia eman zion, batik bat lagunagatik. «Garrantzitsuena besoa ongi nuela amaitzea zen, baina 18-16 joanda, azkenean, pena izan zen, pare bat huts egin nituelako eta Xabi (Urberuaga) ere azkenaldian partida dezente galtzen dabilelako. Baina lesiotik behintzat, aitzakiarik ez».

Bigarren mailako Binakakoan ez dute jada batere aukerarik, baina bihar ezustekoa ematen saiatuko dira Arretxe II.a eta Eskuderoren aurka Irurtzunen, «joko-maila nahiko onarekin» itzuli delako bizkaitarra, nahiz eta «partida asko gogortzen duen bikotea» izan aurrean. Eta aurrera begira, ez du helburu jakin bat ipini: «Hurrengo partidan pentsatu behar dut, beldurra kendu, jokoa, etorriko delako denborarekin».

Azkenik, profesional mailan daramatzan 30 hilabete pasatxoen inguruan, «balantze positiboa» egin du, batez ere «debutatu ondorengo urte eta erdia oso ona» izan zelako.

bi aldiz

Lehen lesioa urriaren 19an izan zuen Agirreren kontra Lau eta Erdiko Txapelketan. Jokatzen hasi eta, azaroaren 11n, berriz hartu zuen min leku berean Eibarren binakako neurketa bat jokatzen ari zela, itzuli zenetik bigarrena.

tentuz

Bigarren aldia izanik, pilota jotzeko beldur gehixeagorekin dabilela onartu digu Berasaluzek, nahiz eta jokoan nahiko eroso sentitu zen astelehenean. Horregatik, itzulera uste baino gehixeago luzatu omen da azkenean.

Alberto Ongay, preparado para el debut

El joven navarro Alberto Ongay, que debutará mañana en Irurtzun, afronta esa cita tan especial con una lógica mezcla de ilusión y nerviosismo. En declaraciones recogidas ayer por la página web de Aspe, el de Satrustegi reconocía que «ya me empiezan a apretar los nervios, los intento controlar pero me imagino que esto seguirá así hasta el día del partido, luego ya se verá». En cuanto a la preparación, Ongay afirmaba que «ayer -por el martes- entrené con Jokin Etxaniz en el Labrit». Y es que el debut del navarro ha creado una gran expectación y el propio protagonista lo está viviendo en sus carnes. «No he recibido tantas llamadas al móvil en mi vida... todos me llaman para felicitarme y para pedir entradas. Además de la familia irán cerca de 40 amigos de la cuadrilla». Además, el escenario será muy especial. «El frontón de Irurtzun es mi lugar de entrenamiento desde los 9 años. Con el club de pelota suelo hacer todos mis entrenamientos allí». Ongay jugará con Lasa III contra Capellán y Zubieta, «una combinación bonita y a la vez exigente y complicada. Estoy muy contento». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo