«Merezi du ezezagun eta izugarri ederrak diren kantu hauek ezagutzera ematea»
Antton Valverde | musikaria
Aspaldian ahaztu samar izan dugun beti-betiko kantaria dugu Antton Valverde. 1943an Donostian jaiotako musikariak, pianoa lagun, Charles Bordes-ek XIX. mendean Ipar Euskal Herrian bildutako «Hamabi amodio kanta» plazaratu zituen iaz, eta zuzenean aurkeztuko ditu gaur, aurrenekoz.
Anartz BILBAO | BILBO
Hamar urte argitaratu gabe eman ostean, Antton Valverdek, pianoa lagun, kantagintzara itzuli eta Victoria Eugenia antzokian kantatuko du gaur Et Incarnatus orkestra eta Pier Paul Berzaitzen laguntzarekin.
Lotsati samarra omen zara...
Beti izan naiz lotsati samarra, baina adinarekin gauza horiek sendatu egiten dira eta gero eta normalago agertzen naiz jendaurrean, naturaltasunez.
Hori dela eta hamar urteko isilaldi luzea?
Ez dut musika ogibide bezala eta beste eginkizun batzuk ere baditut. Horregatik, ez dut horrenbeste denbora musikarako. Bestetik, boladan dauden rocka eta beste ez bezala, guk egiten dugun kantagintza ez da horren erraz mantentzen. Ez dago lehen adina jaialdi, eta horrek ez du gehiegi animatzen.
Eszena falta bat somatzen duzu, beraz.
Batez ere atzeko urte horietan. Orain, ez dakit ondo zergatik, atera dudan diskoak izugarrizko arrakasta izan du eta horrek asko poztu nau. Hedabideetan askotan aipatu duzue diskoa, nondik datorren... Bestetik, datorren ostegunean egingo dudan jaialdirako ere sarrerak ia-ia salduta daude, eta horrek ere harritu nau, ni ez bainaiz «cantante de masas» horietakoa.
Baina ikus-entzuleek agertu dute beren gogoa.
Zerbait badago, bai, beti gelditzen da zerbait. Orain, disko honi eman zaion ardurarekin, jendea jabetu da hemen nagoela eta ondo hartu nau.
XIX. mendean Bordesek bildutako kantuekin osatu duzu lana.
Aspalditik neukan berak argitaratu zuen liburutik egindako fotokopia bat. Urteak eta urteak dira gordeta neukala, beti zerbait egiteko asmoz. Halako batean, duela sei-zazpi bat urte, bueltak ematen hasi nintzen eta... bai, egingo dut diskoa, pentsatu nuen, eta poliki-poliki, presarik eta estres handirik gabe, baina egin dut.
Ipar Euskal Herriko «Hamabi amodio kanta». Zer dela eta?
Uste dut bilduma bera nahiko interesgarria dela berez. Hego Euskal Herrian gehiegi ezagutzen ez diren kantu batzuk badaude, ia ezezagunak direnak, nahiz eta Zuberoa aldean batez ere jendeak oraindik kantatzen dituen. Gainera, hamabi kantuen artean badira batzuk oso bitxiak, izugarri ederrak direnak. Merezi du horiek ezagutzera ematea.
Jatorrizko kantuen doinuak ezagunak dira?
Kantu herrikoiak dira, Bordesek jaso zituenak, Azkuek eta Aita Donostiak egin zuten bezala. Nik liburuetatik hartu ditut, Bordesek egindako partituretatik. Zuberoan jendeak ezberdin kantatzen ditu bizirik dauden kantuak eta bitxia izango da Pier Paul Berzaitz eta biok modu ezberdinean kantuan entzutea.
Olerkiak musikatu ohi dituzu.
Ni musikari soila naiz. Frogatxo bat egin nuen hitzekin aurreko diskoren batean eta ez dut berriro egingo, oso txarra baitzen egin nuena. Horrek besteek egindako hitzetara jotzera behartzen nau beti. Nire pentsaerarekin, sentsibilitatearekin, bat datorrena hartu eta musikatu. Nahitaezkoa da niretzat hori, ez on ez txar, ez naizelako poeta.
Etorkizunerako asmorik bai?
Gustatuko litzaidake disko honekin zenbait tokitan jotzea, kantaldiak ematea. Horrez gainera, etorkizunerako Jainkoak daki, baina ideiak behintzat ez dira falta eta zeregina badago. Gauzen bila nora jo badago eta sor daiteke, beti. Orain, «jardunean» nago, eta gero eta ideia gehiagorekin gainera.
«Ni ez naiz poeta, musikaria naiz, eta horrek beti besteek egindako hitzetara jo eta haiek musikatzera behartzen nau»
«Zereginik ez da falta, gauzen bila nora jo badago eta sor daiteke, beti. Ni gero eta ideia gehiagorekin nabil, gainera»
Gaur: 20.30. Victoria Eugenia antzokia (Donostia).
10/12/15 euro.
+ Et Incarnatus orkestra eta Pier Paul Berzaitz gonbidatuak.
Martxoak 8: 22.00. Herri antzokia (Ataun). 10 euro.
Kantaldia duzu gaur Victoria Eugenia antzokian.
Hau da egingo dugun lehenengo jaialdia. Diskoaren grabaketarako egin genuen bezala, Et Incarnatus orkestrarekin jotzea pentsatu genuen, eta hamabost laguneko orkestra osoa eramango dugu Victoria Eugenia Antzokira. Pianoan Karlos Jimenez arituko da, moldatzailea. Kantari gonbidatu gisa, Pier Paul Berzaitzi deitu nion eta baietz erantzun zidan, pozik etorriko zela. Hamabi kantu horietatik bizpahiru eta bereak dituen beste horrenbeste kantatuko ditu.
Pier Paul Berzaitz zuberotarra aipatu duzu.
Denbora gutxi da Pier Paul Berzaitz ezagutzen dudala, baina elkarbide oso ona sortu da bion artean eta berak duen kantatzeko era eta nirea ez dira arras diferenteak. Gu bion musika ikuspegiak bat datoz askotan, antzekoak dira, eta bere eginkizuna oso ondo sartzen da nirearekin nahasita. Bestetik, zenbait kantu zuberotarrak dira eta, bera bertakoa denez, bitxia izango da nola kantatuko dituen entzutea. Gainera, pertsona maitagarria da.
Eta datorren astean Ataunera, zuzenekoekin jarraitzera.
Formatu txikian egingo dugu han, hari kinteto eta pianoarekin. Diskoan ere kantu batzuk horrela eginda daude eta oso ondo moldatuko gara kantu guztiak egiteko.
A. B.