GARA > Idatzia > Editoriala

Eguneroko arazoa, noizbehinka hizpide

Atzo, behingoz, emakumeen aurkako indarkeria hizpide izan zuten alderdi politiko guztiek hauteskunde kanpainan, aurreko egunean Estatu espainolean beren bikotekideek lau emakume hil izanak horretara behartuta. Alarma jotzeko moduko kontua iruditu zitzaien, nonbait. Izan ere, egun ikaragarria izan zen herenegungoa, emakumeen aurkako indarkeria bere gordintasunean agertu zuena. Eta gaitzespen ugari entzun ziren. Baina alarma horrek horrelako egunetan baino ez du jotzen, eta arazoa ez da egun batekoa, ez da noizbehinkakoa, egunerokoa baizik. Egunero izaten dira jipoiak, mehatxuak, irainak... Emakumeek behin eta berriro salatu behar izaten dituzte erasotzaileak, baina baita babeste lana egin behar duten arduradunak ere, horiek maiz hartzen dituzten neurri ulergaitzak direla eta; joan den astean bertan jakinarazi zutenez, Lakuako Barne Sailak hiru emakumeri bizkartzainak kendu zizkien. Horretarako aurrekonturik ez izatea izan daiteke azalpena, baina horrek -neurri horrek besterik gabe arazoa ez duela konponduko ahaztu gabe- eta alderdi politikoen programek biltzen ez zituzten presakako adierazpenek agerian uzten dute arazo ikaragarri horrek politikari horientzat zenbaterainoko lehentasuna duen.

Horrela jokatzeak, alarma jo ezean, ez du boto kopuru handirik arriskuan jartzen, antza. Ikusi besterik ez dago zer-nolako tartea bete ohi duen emakumeen aurkako indarkeriak hauteskunde kanpainetan eta, batez ere, politikarien agendan. Hitz arranditsurik gabeko plan integral baten premia dago, eta plan hori gauzatzeak inbertsio ekonomiko handia eskatzen du bere alde guztiak garatzeko: babes politikatik kontzientziazioraino, benetako berdintasunari begirako heziketa eraginkorra. Neurri zehatzak eta etengabeko ardura behar dituen prozesu luzea, alegia, baina lehenbailehen abian jarri beharrekoa. Nekez uler daiteke hainbat proiektu garesti aurrera ateratzeko zein erraz baliatzen duten herritarren dirua eta zein uzkur jokatzen duten lehentasunezko gaia izan behar lukeen arazo horri aurre egiteko. Legerik onenari noizbehinkako gaitzespenak baino laguntzen ez badio, lege hori gaitzespena bezain alferrikakoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo