MIPTVra ahalik eta enpresa gehien joatea nahi du Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak
Datorren apirilean Cannes hirian egitekoa den MIPTV telebista azokan egongo da Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra. Iragarri duenez, urriko MIPCOM azokara ere joango da.
Eiken-Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak Estatu frantsesean urtero egin ohi den MIPTV08 munduko telebista merkaturik handienean izango dela esan du. Izan ere, Basque Audiovisual delakoaren pean biltzen diren sektoreko euskal enpresak MIPCOM azokan izan ziren iaz, eta orain enpresa berberek esperientzia errepikatuko dute Cannes hirian, apirilaren 7tik 11ra egitekoa den azokan. Era berean, MIPCOM08ra ere joango direla esan dute, aurten Estatu espainiarra izango da herrialde gonbidatua.
Jada lanean
Euskal ikus-entzunezkoen sektorean ahalik eta partaidetzarik handiena sustatzeko asmoz, Eikenek argitu du dagoeneko hasia dela aldez aurreko lanetan. «Ikus-entzunezkoekin erlazionatutako zenbait erakunderekin» jarri da harremanetan eta klusterreko bazkide diren enpresei informazioa eman die.
Horiek hala, MIPTV azokan «ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatutako enpresa, erakunde eta talde ugariren presentzia» bermatuko dutela esan dute. Horrela, beren produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izango dituzte, eta, bide batez, «Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen irudia sendotu, Cannesen espazio propio eta berezia izanda», gaineratu dute. Basque Audiovisual gisa doazen enpresek lehentasunezko tokia izango dute, hain zuzen, iazko MIPCOM azokan izan zuten bezala, eta ondorioz, enpresek beren bilerak eta harremanak egiteko mahai-eremu propioa izango dute.