GARA > Idatzia > Mundua

Ospakizuna Tifaritin eta errepresioa Marokoren menpeko herrietan

Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak 32 urte bete zituen atzo. Ospakizun ugari izan ziren Tifaritin baita errefuxiatu kanpamenduetan ere. Marokoren menpe dauden saharar herrietan errepresioa eta atxiloketak salatu zituzten giza eskubideen aldeko elkarteek.

GARA |

Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren 32. urteurrena ospatu zuen Fronte Polisarioak Tifaritin. Unerik garrantzitsuenak, duela astebete egindako Legebiltzarraren osaketa eta enbaxadore berrien izendapena izan ziren. Tifaritikoa ez zen ospakizun bakarra izan. Bezperan, Aljeriako basamortu gordinean dauden errefusiatu kanpamenduetan jai giroa izan zen. Wilaya bakoitzean kulturarekin, musikarekin eta kirolarekin loturiko ekitaldiak egin zituzten.Aljeriiako presidente Abdelaziz Buteflikak elkartasun mezua igorri zion Fronte Polisarioari. Era berean, erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa «hitzarmen politikoa» aldarrikatu zuen.

Baina, Marokok ez du hori inolaz ere onartzen, eta bi aldeak «oso urrun» daudela aitortu berri du Sahararako Nazio Batuetako berriemaile bereziak, Peter Van Walsumek. Martxoaren 11n hastekoa zen negoziazioen laugarren txanda, baina hitzordua bost egunez atzeratu dutela jakinarazi zuen Aljerren Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren enbaxadore Brahim Ghalik. Edonola ere, «mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko eta NBEren ebazpenak bete daitezen, negoziazioen txanda berrian parte hartzeko asmo irmoa dugu», esan zuen.

Egunotan, Marokoren kontrako salaketak ugaritu dira. Preso politikoak «lehenik eta behin eta baldintzarik gabe» aska ditzatela exijitu zuten senideek. Nazioarteko erakundeei giza eskubideen urraketak sala ditzatela esan zieten. Presoek gose greba hasi zuten astelehenean.

Manifestazioak ekiditeko errepresioa areagotu dela nabarmendu zuten zenbait taldek. «Herritarrek presio jasangaitzak pairatzen dituzte protestarik egin ez dezaten. Atxiloketak ere izan dira», azaldu zuten.

euskal herrian

Saharar herriaren erabakitzeko eskubidea onartzea eta Marokori negoziazioan «fede txarrik gabe» jokatzeko presioa egitea eskatu zion a NBEri Gasteizko Legebiltzarrak. Bestetik, Bilboko Udalak Gobernu espainolari gatazka konpontzeko eskatu zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo