Zapateroren hitzek PPri arrazoia ematen diotela aipatu du Astarloak Getxon
GARA | GETXO
Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko hautagaia Barakaldon izan zen herenegun, eta bertan aipatu zituenak gustura hartu ditu PPk. Hori adierazi zuen atzo Bizkaian Mariano Rajoyren alderdiko hautagai nagusi Ignacio Astarloak.
Getxon, Maria San Gil-ekin batera propaganda banatzen ibili zen Astarloa, eta zera esan zuen Rodriguez Zapaterok esandakoaz: «Euskal herritarrei terrorismoari aurre egin diezaiotela eskatu zien. Ongi. Baina hemen bagara duintasun handiz terrorismoari aurre egiten diogun euskal herritarrak, eta hori, garesti ordaindu dugu». Jarraian, honakoa adierazi zuen «azkeneko lau urteotan terrorismoari aurre egin dion Gobernu presidenterik ez dugu izan. Kontrakoa egin du: terroristekin negoziatzeari ekin, denetariko lagapenak egin eta Zuzenbide Estatua ezbaian jarri du».
«Ona da aitortzea»
BECen esandakoa, beraz, iritzi aldaketa gisa aurkeztu zuen Astarloak: «Gauza ona da Zapaterok hori aitortzea, euskal herritar hauek honela pentsatzen duen presidenterik ez dutelako ondoan izan, beren borrokan lagun izan zezaten».
«Zorionez, euskal herritarrek eta espainiar guztiek, martxoaren 9an oker jokatu duela esateko aukera dugu -adierazi zuen Bizkaiko Kongresurako zerrendaburuak-. Orain arte egin duena erokeria dela esan behar diote, eta ea hemendik aurrera ETAren aurkako borrokari heltzen diogun berriro, borroka hori ETAren amaiera ikustea ahalbidetzen ari zelako».
«Ezetz esan beharra dago»
«Ezetz» esaten jarraitzearen garrantzia goraipatu zuen Astar- loak adierazpen hauetan. Bere ustez, hori ez du erabili Zapaterok, eta ondorioz, Euskal Herriko zein Kataluniako abertzaleek aurrera egin dute. «Neurria hartu diote Zapaterori, bai eta nazionalista erradikalenek ere», ziurtatu zuen.
Bide hori baztertu, eta Madrilen «ezetz esango duen presidentea» jartzea ezinbesteko ikusi zuen PPko hautagaiak, nahiz eta Zapaterok legealdi honetan ezezko garbia eman dien ezker abertzalearen proposamenari, edota Juan Jose Ibarretxek Kongresura eraman zuen proposamenari. Kontrakoa ikusi du Astarloak. «Rajoy Moncloako Jau- regian delarik, lagapen horiek guztiak amaitu egingo dira, eta Konstituzioa eta autonomien Estatua indarberriturik aterako dira», aipatu zuen.
PPk hauteskundeak galduz gero, gauzak beltz jarriko liratekeela erantsi zuen Astarloak: «Zesioak hirukoiztu egingo dira, terroristekin negoziazioa hirukoiztu egingo da. Eta euskal hiritarrek zein espainiar guztiek hori jakin behar dute, eta batez ere PSOEkoek».
Euskal Herriaren egoera ez da PP kezkatzen duen gai bakarra. Astarloak atzo gogora ekarri zuenez, ERCk 2014an independentziari begirako galdeketa egitea proposatu du.
Mariano Rajoy PPko Moncloarako hautagaia Euskal Herrian izango da gaur berriz, Iruñeko Baluarten hain zuzen ere, UPNko agintariak dituela gonbidatzaile.