«Euskaraz bizi nahi dugula errateko garaia da»
Yves Matxikote (Uztaritze, 1977) Euskal Herrian Euskaraz-eko (EHE) kidea da. Iaz, Hego Euskal Herriko udal hauteskundeen harira hautagaiei euskararen normalizaziorako eman beharreko urratsak zerrendatu ostean, desmartxa bera egin du EHEk Ipar Euskal Herriko udal hautagaiekin.
Eneritz ZABALETA |
EHEko kideak ez daude ados Instituzioen hizkuntza politikekin. EEPk euskararen hizkuntza politika bat eratzeko helburuak finkatu dituelarik, «gauzak ez dira aldatu», Yves Matxikotek dioenez. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriko hauteskundeen harira, hautagaiei euskararen normalizazioa lortzeko proposamen zerrenda bat aurkeztu die EHEk. Era berean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko herritarrak manifestazioa egitera deitu ditu Matxikotek: bihar 17:30ean, Ziburun, Herriz herri Euskal Herri euskalduna eraiki ! leloa hartuta.
Udal Hauteskundeetako hautagaiei deia egin berri diezue. Zergatik horrelako dei bat?
Orain dela urte batzuk, Herriko Etxeekin lan egin zen, euskarari ate txiki bat irekitzeko asmoz, eta euskalgintzatik Herriko Etxeen borondatean oinarritutako hitzarmenak izenpetu ziren. Baina, denbora joan ahala, ohartzen ari gara eman ziren urrats horiek izenpetze batera mugatu zirela. Gehienetan, hitzartutakoa ez da bete, eta euskara Herriko Etxeetan ez da batere presente izan.
Hori dela-eta, salto bat egiteko unea da. Herriko Etxeen aldetik etorri behar da urrats berri hori. Arduradun politikoen erantzukizuna da herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea. Logika horretan kokatzen da EHEkook orain aste batzuk aurkeztu dugun hauteskundeetarako proposamen zerrenda.
Zer eskatu diezue hautetsiei ?
EHEtik udal hauteskundeetako hautagai guztiei hiru aldarrikapenez osatutako eske bat bidali diegu. Lehenik, herri mailan euskararen ofizialtasuna bermatzeko eskatzen diegu. Horretarako, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen delibero bat plantan eman behar da. Delibero horren helburua hizkuntza politika bat osatzeko plangintza bat zehaztea da. Eskakizun orokor horiek gauzatzeko, hainbat baliabide zehatz proposatzen dizkiegu hautagaiei. Horrela, aitzinkontuen %2 euskarari bideratzeko eskatzen dugu, edo euskara teknikari postu bat osatzea hizkuntza plan hori egiteko... eta beste hainbat proposamen.
Borondaterik ikusten al duzu proposamenak gauzateko ?
Orokorrean, Herriko Etxeen aldetik borondaterik ez da. Hitzetan geratzen dira hautetsi gehienak. Izan ere, euskalgintzak lortu du azken urteetako borrrokaren ondorioz euskararen kontra publikoki inor ez agertzea. Denak euskararen alde mintzo dira. Baina, politikak gauzatzeko tenorean, oso gutxi egiten da.
Alta, legedian ezkutatu gabe egin daitezkeen gauza anitz badira: herritarrengan euskararen inguruko sentsibilizazioa, administrazioko langileak euskalduntzeko neurriak... Herriko Etxeei, erraterako, suprefeturak gutuna igorri behar izan zien argitzeko, nahiz eta hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izan, gutunetan euskara erabil zezaketela, beti ere, frantsesezko bertsioa ondoan egonik. Horren aurretik, gutunetan euskara sartzea errefusatzen zuten. Azkenean batzuetan badirudi Konstituzioa aitzakia bihurtzen dela.
Ipar Euskal Herriko kargudunen diskurtsoetan euskararen aldeko giro hori ageri da. EEP sortu da, euskara teknikari postu batzuk ere bai... Zer balorazio egiten duzu horretaz ?
EEPk oso helburu handiak botatzen ditu, anbizio handiko politika eratu du. Baina, sos aldetik ez dago behar besteko baliabiderik, eta epeak ez dira kontuan hartzen. Hitz ederrak betetzeko tenorean, beti neke eta neke ari dira.
EEPk gaur egun, lehen euskalgintzak eta, batik bat, Euskal Konfederazioak segurtatzen zituen zereginak betetzen ditu. Zein da, zure ustez, orain euskalgintzako elkarteen zeregina testuinguru berri honetan ?
Euskalgintzak Euskal Herri osoan duen papera, eta lehen ere zuena, izaten jarraitzen du. Hutsune batetik abiatuta, euskararen heriotza bidea oztopatzen eta apaltzen saiatzen da. Baina, euskalgintzak ezin du euskararen garapena segurtatuko duen tresna finkorik eraiki. Finean, hori arauen bidez eta politika publikoen bidez instituzioek egin behar duten lana da.
Baina, gaur egun egitura administratibo horiek euskalgintzaren lanaren berreskurapena egiten dute. EEPk Herriko Etxeekin egin hitzarmenetan kasu, lehen euskalgintzak egiten zuen lan bera egiten da. Horretara mugatzen da. Baina EEPk euskaldunen hizkuntza eskubideak segurtatu behar ditu, eta euskara berreskuratzeko lan egin.
Horren aurrean, euskalgintzaren zeregina tentsioan egotea da, eta herritarrei adi egoteko alarma piztea, benetan egin behar dutena eginarazteko. Zaindaria izan behar da, modu batean. Aukeran, administrazio horiekin elkarlanean ere ari daiteke, baina beti ere distantzia atxikiz. Euskalgintzak minimoetatik lan egin du, eta administrazioei beste urrats bat egiteko eskatu behar die. EHEtik zentzu horretan egin diegu hautagaiei gure proposamena.
Alarma logika horretan kokatzen al da larunbateko manifestazioa ?
Bai. Guk herritarrei dei egiten diegu aktiba daitezen hautetsiengan ere indar bat badela erakusteko. Denok badugu eginkizun bat jokatzeko euskararen normalizazioan. Egunerokoan hainbat presio jasaten ditugu euskaldunok, eta ezin dugu euskaraz bizi. Horren aurrean, euskararen aldeko jarrera hartu behar dugu herritarrok. Egoera horren aurrean aterabidea badela argi utzi behar diegu administrazioei.
Horrez gain, kolektiboki biltzera deitzen ditugu herritarrak. Euskara egoera larrian dago, eta talde gisa erakutsi behar dugu desagertzearen aurka gaudela. Zentzu horretan, hautagaiei helarazi diegun deiak kulturako eta euskalgintzako hainbat eragileren babesa jaso du (Anje Duhalde eta Erramun Martikorena kantariak, Maixan Mercapide euskalgintzako langilea, Amets Arzallus eta Sustrai Kolina bertsolariak...). Hautagaiei eta gizarte osoari kolektiboki euskaraz bizi nahi dugula errateko garaia da.
«Hautetsi guztiak euskararen alde mintzo dira. Baina praktikan, euskara ez da batere presente Herriko Etxeetan»