herri kirolak Urrezko Aizkora
Bi bikote handi, baina txapel bakarra jokoan
Larretxea-Atutxa Arrospideren eta Aierberen aurka neurtuko dira bihar gauean Azpeitiko pilotalekuan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako final handia bihar jokatuko da Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, 23.00etatik aurrera. Bertan, Larretxea eta Atutxa II.a, Arrospideren eta Aierbe II.aren aurka neurtuko dira txapelaren lehian.
Saio erakargarria eta estua dago iragarrita, nahiz eta orain artekoa ikusita, agian Larretxea eta Atutxa atera daitezkeen faborito. Hala ere, Arrospide eta Aierbe ere oso ongi daude, beraz, oso kontuan hartzeko moduko bikoa izango da. Txapela haiek irabazten badute ere, ez da ezustekoa izango, lan hau ere beraientzat ez baita txarra.
Kirolariek bost lan ezberdin egin beharko dituzte, eta amaieran, denak egiten denborarik gutxien pasatzen duenak jantziko du txapela. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, neurtuko dira. Bakoitzak alde bana moztu beharko du. Jarraian, bi 45 ontzako erlojuz kontra erdibitu beharko dituzte, bakoitzak bana.
Hirugarren lanean, zutik jarrita, 80 ontzako enborra moztu beharko dute txanda librean. Laugarren lanean, bi kana-erdiko moztu beharko dituzte, bat zutik eta bestea etzanda jarrita, eta azkenik, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte txanda librean. Hori izango da seguru asko, auzia emango duena.
Gazteak
Helduen mailako finalaz gain, gazteena ere jokatuko da Azpeitian, helduenarekin batera, eta bertan, Larretxea lehengusuak Saralegiren eta Olanoren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Larretxeatarrak dira txapela irabazteko faboritoak, baina adi ibili beharko dute Leitzako aizkolari gazteekin. Hasieran ez ziren finalerdietan izateko faboritoen artean agertzen, baina sartu egin ziren. Gero, finalean izateko ere ez ziren faborito, baina hemen ere sartu egin dira, eta maila bikaina erakutsiz gainera, beraz, oso kontuan izateko modukoak dira biak.
Aitzol Atutxa, 19 urteko bizkaitarra, izan da Urrezko Aizkorako gazteena. Atutxak, lan bikaina egin du Larretxearekin batera, eta finalean izango da. Iaz ere izan zen, baina gazte mailakoan; aurten helduenean arituko da.
Anjel Arrospidek bi kide ezberdin izan ditu aurtengo Urrezko Aizkoran. Zubiagarekin ekin zion, baina Arabako txapeldunak min hartu zuen, eta bere lekukoa Aierbek hartu du. Biekin ere ederki moldatu da Lebauruko aizkolaria.