Marka saiakera
Bihurrik kanakoa moztu nahi du esku bakarrarekin
J.L. | DONOSTIA
Marka saiakera berezia izango da bihar eguerdian, 12.30etik aurrera Berrizko kiroldegian. Bertan Ernesto Ezpeleta «Bihurri»k, kanako enborra moztu nahi du, baina horretarako eskuineko eskua bakarrik erabilita. Hori lortzen baldin badu, marka berri bat ezarriko du.
41 urteko eibartar hau itxaropentsu dago, nahiz eta kezkak ere badituen: «Esku batekin bakarrik lan egiteak arazoak sor ditzake, batez ere giharretan, eta honelako arazo bat nahikoa da ahalegina bere horretan geratzeko. Gainerakoan, ongi prestatuta nago», adierazi zuen Bihurrik.
Ikusmin handia piztu du saiakera honek, eta jendea ari da zenbat denboratan moztu dezakeen ere pentsatzen, nahiz eta aizkolariak horretan ez duen pentsatu nahi. Bihurriz gain, 8 urteko semea ere arituko da aizkoran, eta bestetik, Goenatxo II.a eta semea ere arituko dira harriak jasotzen.