GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Microsoft-en azken mozorroa

Microsoft informatika enpresa erraldoiak iragarritako politika aldaketaren harira, Iratxe Esnaolak aldaketa horren mugak aztertzen ditu. Bere ustez Microsoft-ek ez du bere produktuei aplikatzen dien politika babeslea aldatzeko asmorik. Bill Gates-en enpresak iragarritako programak «irekitzeko» asmoa software librearen printzipioekin alderatuz gero, aldaketak printzipio horiek ez dituela asetzen ondorioztatzen du Esnaolak. Nolanahi ere, Microsoftek etorkizuna «irekitasunean oinarritzen dela aitortu behar izan du» eta garaipen hori ez da gutxietsi behar.

Otsailaren 20an sortu zuten albiste zaparrada. Microsoft-eko lehendakari Steve Ballmer-ek sarea ez ezik, irrati, telebista eta gainerako hedabideak aztoratu dituen adierazpenak egin zituen: «berauen programa batzuen inguruko informazioa partekatuko dute».

Hedabide bakoitzak bere irakurketa propioa eskaini dio. Hedabideen kokapen geografikoak ere izan du eraginik. Denetarik irakurri eta entzun dugu. Denetarik esan da. Poztu denik ere bada, baina orokorrean, Microsoft-en prentsa oharra aztertu dugunok, hankamotz gelditu den beste mozorro bat dela ere pentsatzen dugu.

Hedabide askok Microsoft-ek bere programen iturburu kode osoa publiko egingo duela esan dute. Hau, berez, software edo programa libreen oinarrizko ezaugarri teknikoa da (programa bat barrutik aztertzeko aukera izatea). Eta horrenbestez, albistea kaleratu den moduan, bere betiko babes-politika alde batera utzi eta bere programen atzean dagoen iturburu kode osoa publiko egin duela dirudi. Baina ez da hala.

Microsoftek ez du programen iturburu kodea irekiko, inondik ere. Bere webgunean beraiek erabiltzen dituzten API-en (Application Programming Interface - Aplikazioak Programatzeko Interfazea) dokumentazio zehatza eta komunikazio protokoloen inguruko informazioa plazaratuko du.

API bat, modu sinplean esateko, programa batek beste batekin hitz egiteko erabiltzen dituen funtzio multzoa da. Eta hauen dokumentazioa beharrezkoa da sistema ezberdinen komunikazio hori ahalbidetzeko. Eta komunikatzeko gaitasun horri, termino teknikoetan, elkarreragingarritasuna edo interoperabilitatea deritzo.

Beraz, ez ditu bere programa ezagunenen (Windows edota Microsoft Office pakete ofimatikoa, adibidez) iturburu kodeak publiko egingo, hauekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak baizik. Lehenengo gola software librearen printzipioei.

Baina badago gehiago. Kausalitatez, eta ez kasualitatez, hartu dituzten neurriak, ez zaizkie gehien erabiltzen diren programei aplikatzen. Publiko egingo duten dokumentazioa garatu dituzten programa komertzial berrienei dagokie, Windows Vista eta Microsoft Office 2007ri, besteak beste. Ez dute Windows XP, 2000 eta Officen bertsio erabiliagoen dokumentaziorik argitaratuko. Eta honek zer pentsatua ematen du.

Alegia, produktu berrienen, baina gutxien erabiltzen direnen dokumentazioak jarriko dituzte eskuragarri. Eta beraz, ezin besterik pentsa: merkatuan beraiek nahi bezain ondo funtzionatzen ez duten programa horiekin hitz egiteko moduak publiko egitean, programa horien erabilera sustatzea izan daiteke helburu nagusia.

Bestela, enpresaren onurarako izan beharrean, erabiltzaileraren onurarako planteatuko balute, gehien erabiltzen den produktuari erreferentzia egitea izango bailitzateke zentzuzkoena. Eta honen harira, ekaina bukaerarako Windows XP-ren lizentziak saltzeari utziko diotela ere zabaldu da. Estrategia nahiko argi dago, beraz.

Are gehiago. Diotenez, «dokumentazio hori zabaltzeagatik software librearen garatzaile direnak ez dituzte auzitara eramango eta ez dute patente lizentziarik ordaindu beharko, beti ere, erabilera komertzialerako ez bada». Esaldi honek, bere osotasunean, software librearen beste printzipioetako bat apurtzen du: alegia, komertzializatzeko aukera izatea.

Egia da, software librean oinarrituz garatzen diren ia programa guztiak doan zabaltzen direla sarean; baina egia da ere, software librearen printzipioetako batek komertzializaziorako askatasuna bermatzen duela. Alegia, librea eta doakoa ez dela gauza bera. Beraz, inoiz ezingo dira publiko egingo duten dokumentazioan oinarritutako garapenak saldu (ez behintzat trukean ezer ordaindu gabe). Beste gol bat software librearen etika teknologikoari.

Estrategia mozorrotu berri honetan, bada beste kausalitate bat. Europako Batzordeak, Microsoftek duen monopolioaren eta boterearen erabilera desegokiagatik, guztira 1.680 milioi euro ingurura iristen diren isunak jarri dizkio (azkena otsailaren 27an, EBk historian jarri duen isunik handiena: 899 milioi euro). Eta beste kontu batzuengatik, elkarreragingarritasuna (sistema ezberdinen komunikazioa) bermatzen ez duten formatuak erabiltzen dituela ere egozten zaio.

Badirudi aurka dituen ur korronteak eta aurrera egiten uzten ez dioten oztopoak leundu, arindu eta paretik kentzeko bidea dela aurrerantzean hartuko duena. Ez da beraz, formatu irekien itsasoan sartu, bere formatu itxien laku pribatuari sarrera ireki besterik ez du egin.

Kontrako norabidean, Openoffice-k, formatu irekiekin egiten du lan, baina gainera, Microsoft-enak diren formatu itxiko fitxategiak ireki eta berriz gordetzeko aukera ere eskaintzen du.

Microsoft softwarea edo programak garatzen dituen enpresa bat da. Programak produktu gisa saltzen ditu. Software libre zaleok ez dugu softwarea produktutzat hartzen. Saltzekotan, zerbitzua saldu behar dela sinisten dugu. Baina Microsoft-ek nahi duena egiteko aukera du. Kritigarria da, noski, duen botereaz (ekonomikoaz eta bestelakoaz) egiten duen erabilpena, baina bere enpresa politika propioa da.

Bere produktu komertzialak erabiltzearen arazoa, eta hauek baztertzearen soluzioa, gugan dago, erabiltzaileongan: izan udaletxe, ikastola, administrazio publiko, edozein motatako erakunde edo enpresa, edota norbanako.

Albistea mamitsua da, eta gisa honetako albisteekin tentuz ibili behar da. Hainbeste mozorro estrategikoren aurrean ordea, baikortasun izpi bat ere ezar daiteke: Microsoft-ek bere erara eta bere onurarako soilik diseinatu duen estrategia berri honekin, etika teknologikoaren oinarria eta etorkizun oparoa irekitasunean oinarritzen dela aitortu behar izan du. Guk ere sartzen dizkiogu golak, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo