Urolako Karelean taldeak «56. gelatik» izenarekin bataiatutako estraineko diskoa kaleratu berri du
«Aurreiritzirik gabe» landutako rocka da Karelean taldearen diskoaren aurkezpen txartela. Boskote gaztea izanagatik, esperientzia mardula dute orok musikan. Guztiena uztartuz, 10 kantako lana dute eskuartean.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak atera berri du merkatura Karelean taldearen lehenbiziko diskoa: «56. gelatik». Joseba Illarramendi (eskusoinua eta ahotsa), Bitti Tena (baxua), Raul Olaizola (gitarra), Olatz Prat (ahotsa) eta Aitor Korta (bateria) dira «lurrak eta zeruak elkar ukitzen duten tokian, karelean» habia egin duten lagunak.
Aipatutako lehenbiziko hirurak Zestoako Lin Ton Taun talde arrakastatsuan aritu ziren 90eko hamarkadan, eta beraiek izan ziren Karelean sortzeko lehen urratsak eman zituztenak, duela lau bat urte. Ondoren batu zitzaizkien Olatz Prat abeslaria -Zuri&Beltz jazz bikotean aritutakoa eta egun Lantz folk taldeko kantaria ere badena- eta Aitor Korta bateria jotzailea -Ttakunpa taldeko kidea-.
Hori hala, bost musikari gazteen esperientzia, ezagutza eta eragin anitzak uztartuta, eta elkarren osagarri eginez, nortasun propioa hartu duen taldea da Karelean. Gaztelupeko Hotsak-ekoek zein taldekidek argitzen dutenez, proiektua ez dute Lin Ton Taunen jarraipen modura hartzen, Illarramendiren eskusoinuak talde berri honi euskal musika herrikoiarekiko lotura ekartzen badio ere.
Olatz Praten ahots indartsuak jantzi ditu diskoko kantuak; orotara hamar, ingelesez hiru, eta besteak euskaraz. Eta jazzaren mundutik rockarenera salto eginez ere, «primeran, oso gustura» dabilela aitortu zuen atzo Donostian egin aurkezpenean.
«Lagun arteko proiektua»
Finean, «lagun artean» egindako diskoa dela esatean bat egin zuten taldekideek, bai eta «patxadaz» sortu dutela nabarmentzean ere. Alegia, ez dira honetaz bizi diren profesionalak, eta ahal bezala atera dute aurrera egitasmoa.
Baina, «beldurrik gabe eraikitako kantuak» ere badira «56. gelatik» irten diren hauek; bakoitzak bere izaera har zezan hazten utzitakoak, zenbat luzatuko zen kezkari tarterik utzi gabe. Hala bada, rock-a da funtsean darabilten esparrua, baina «aurreiritzirik gabe landutako rocka», edota beraiek diotenez, «oso rock zabala, ez baitiogu mugarik jartzen gure estiloari. Irekita egoten gara sortzerakoan, ideieri mugarik jarri gabe. Rock-aren barruan, baina era guztietako eraginekin». Lekua dute horrela, esaterako, bossanovak (`Hotzikara' kantuan), musika elektronikoak (`Karelean'), poesia errezitatzeak (`Ezaren semeak') edota aire flamenko eta arabiarrek (`Istanbul-San Fernando').
Diskoa Azpeitiko Lobo estudioan grabatu eta nahastu zen, Iosu Zubizarreta soinu teknikariarekin. Kolaboraziorik ere izan dute: Antonio Lizana (saxofoia), Mikel Aveiro (konga) eta Grises Sueños taldea (programazioak).
Musika eta letra oro Karelarenak diren arren, bestalde, honako abesti hauek dira salbuespena arlo horretan: `56. gelatik' (Xabi Borda), `Karelean' (Patxi Zabaleta) eta `Ezaren semeak' (Xabier Lete).
2004. urtean sortu zen Karelean, eta lehen maketa 2006ko otsailean grabatu zuen Iosu Zubizarreta teknikariarekin; Euskadi Gazteako lehiaketara aurkeztu, eta lehen saria lortu zuen. Hala, irratiko entzuleek hautatu beste bi taldeekin (Arbaso eta Bisai) partekatutako disko batean maketako bi kanta sartu zituen, `Edonon' eta `56. gelatik'. 2006ko ekainean Zestoako Gaztetxean lehen kontzertua eman ostean, taldeak 20 bat emanaldi eskaini ditu jada. Disko berri hau aurkezteko zuzenekoren bat prestatu nahi lukete orain. «Horietan gabiltza ondoen. Hor, hustu egiten gara, inprobisazioari, kaosari ere lekua eginez».