GARA > Idatzia > Kultura

«Tabuak saltsa berdean» azken aldiz eskainiko dute gaur Markezek eta Aristik

GARA | DONOSTIA

Donostiako Doka kafe antzokian gaur, 21.00etan, eskainiko dute Mikel Markez kantariak eta Pako Aristi idazleak azken kontzertua. «Tabuak saltsa berdean» izena du beren azken ikuskizunak, eta han, gure gizartean indarrean dauden hainbat taburi heldu diete, salatuz eta nabarmenduz.

Aristik bere testuak irakurtzen ditu publikoaren aurrean, hala nola ipuinak, poemak eta saiakera txikiak; «testu zorrotzak dira, umoretsuak batzuetan, zakarragoak besteetan, ironikoak, ausartak», aitortu du idazleak berak. Markezek, aldiz, gaien inguruko kantuak abesten ditu, propio emanaldirako eginak, eta bien artean komunikazio «freskoa» sortzen da ikuskizunean, naturaltasunari lekua utzi, eta prestaturiko testuen ondoan bat-bateko hitzak nahastuz.

Mintzagai darabiltzaten tabu horiek ugariak eta denetarikoak dira, Pako Aristiren esanetan: «diruzalekeria, apaiz misiolariak, heriotza, sexua, euskaldunon heziketa afektibo eskasa, `Sarri'mania edota euskañola», kasu.

Emanaldia 2006ko Galeuscan estreinatu zen, Iruñean, eta hilabeteotan Euskal Herri osoan eskaini dute, 60 bat emanalditan. Ez da kontzertu arrunta, ez da irakurketa arrunta; nolabait kafe-teatro deituaren formula erabiltzen da bertan, edo batzuek performance deituko luketena, paperak elkartrukatzen baitituzte: Aristik musika tresnak jotzen ditu, eta Markezek testuak irakurtzen ditu.

Bitxikeria gisa, aipatu Aristik poema erregresibo bat irakurtzen duela, alegia, bere aurreko bizitza bat gogoratuz idatzitakoa, Buenos Airesen emigrante ibili zela kontatuz -Argentinan izandako egonaldi batean sentitu eta idatzi zuen-. Markezek, aldiz, trikitia jotzen du, Brassenen kanta baten bertsioa egiten du, gailegoz kantatzen du Manuel Rivasen testu bat...

Gaur emanaldia osorik eskainiko dute Donostian, eta tartean, Harkaitz Cano igoko da bere testu bat irakurtzera. Jexuxmai Lopetegi, Patxi Saiz, Xabier Iturria eta Benta-Zaharreko Mutiko Alaiak ere agertuko dira, bertan beren ekarpena egitera. Emanaldia amaitzean, luncha eta euskal kantak ere ez dira faltatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo