GARA > Idatzia > Kultura

Abian da Bilbon Schuberti eskainitako 63 kontzertuko «Musika-Música» jaialdia

GARA | BILBO

«Musika-Música» jaialdiaren zazpigarren edizioan, Bilboko 700-III Millenium Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzaz, «Schubert Vienan» izenburupeko jaialdian Vienako aldiaren eta XIX. mendeko aldi erromantikoaren bitarteko musika-trantsizioari dagozkion lanik bikainenak entzutera gonbidatzen du publikoa. Aurtengo egitarauan konpositore eta piano-jolearen lanak zerrendatzen dira; «Mozart bera baino konpositore emankorragoa izanik, pianorako sonata anitzez, ganbera-orkestra, sinfonia eta mezatarako musikaz osatutako altxor paregabea utzi zigun», gogorarazi zuten atzo arduradunek.

Aurreko edizioaren arrakastaren ostean (30.000 lagun baino gehiago bildu zituen), hitzordua hiru egune- tik laura luzatu dute aurten, eta hala kontzertu eta artisten eskaintza handitu. Orotara 63 emanaldi izango dira, bada, atzo hasi eta martxoaren 2a, igandea, bitarte. Austriako konpositorearen lanik esanguratsuenak 550 bat artistak interpretatuko dituzte.

Euskaldunako aretoetan

Hitzorduak musika etenik gabe eskainiko du egunotan (igandeko 19.30ean amaituko da), Euskalduna Jauregiko 5 aretotan. Areto horiei konpositorearen lagun eta ezagunen izenak eman zaizkie (Mayrhofer, Schober, Grob...), eta ororen artean Auditorium nagusia goratu behar da (Spaun Auditoriuma). 2.000 lagun baino gehiagorako edukiera du eta agertoki horretan Schuberten maisulanak eskainiko dira: nazioarte mailan ospe handiko orkestrez eta ahotsez lagundu koru-kontzertuak eta sinfoniak. Bestalde, ohi denez, Kioskoan kontserbatorio eta musika-eskoletako ikasleen interpretazioak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo