GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Elkartasun pozoitsua

Gogoan dut Fede, artean hamasei edo hamazazpi urteko mutila, koadrilakoa. Txakurren ihesi, praka barrenetik odola zeriola, ez zen konturatu, lagunek esan arte, hanka bala batek zulatuta zuela. Bi urte geroago hil zen mendian, haitz bat eskalatzen ziharduela, eta hileta elizkizunetara ez zen ordezkari instituzionalik joan, orduan, demokrazia gaztea zela, ez baitzen Estatuaren indarkeriaren biktimatzat joa. Gaur egun ere ez.

Kontu ezaguna da. Aspaldikoa, baina ez zaharra, haren oroitzapena iraungitzen utzi ez dutelako. Kontu mingarria eta gainera zauriak orbaindu gabe dituena. Sendabidean jarri ere egin gabea. Hogeita hamabi urte joan dira eta haren urteurrena borroka eta elkartasun eguna da oraindik, langile munduak hain beharrezkoa duen elkartasuna agertu eta goraipatzeko eguna. Langileen arteko elkartasunak lortu baitzuen mugimendu hura, langileak gizartearen antolaketan parte hartzeko nor bazirela nabarmendu zuena; langileek lan indarra ez ezik, iragarrita zeuden gizarte aldaketen subjektu ere izan behar zutela adierazten zuena.

Egun batean pentsaezinezko indarra hartzen ari zen landare askatzaile hura trenkatu egin zuten, ordea. Frankismoaren Poliziak esperantza handi hura tiroz eraitsi zuen. Amets bat errealitate bihurtzea amesgaiztoa baita ametsen beharrik ez dutenentzat. Hurrengo urteetan elkartasuna murriztuz joan zen, langile mugimendu asanblearioak hobe zuen ametsera itzuli, antza. Baina biktimek, eta eskubideek ez dutela ametsa izan behar uste zuten langileek, eutsi egin zioten. Eta elkartasunak gora egin zuen ostera ere, duela bi urte frankismoarena ez den Polizia atzera berriro trenkatzen saiatu bazen ere.

Harrigarria... ez. Negargarria iruditzen zait hainbat hedabidek poliziekin eta agintzen zieten eta dieten gobernuekin duten jarrera akritikoa. Ezin onartuzkoa hedabide horietako batzuk publikoak izanda. Eta, bide batez, bitxia da elkartasuna kargu hartuta agertzea. Pozoia barra-barra isurtzen duen elkartasunak mozorroa baino ez du elkartasunetik. Baina bai, badakigu nahi duguna pentsatzeko askatasuna dugula. Baldin sailburuordeak uste duenarekin bat badator.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo